argia.eus
INPRIMATU
Arnaldo Otegi: "Inbertsio ekonomikorik onena pandemia gelditzea da"
  • Osasun larrialdi honen aurrean koalizioak duen tesia eta estrategia aurkeztu ditu Arnaldo Otegik bideo-konferentzia bidez. Erronka nagusia herritarren osasuna lehentasunez zaintzea da, pandemia gelditzea, eta larrialditik zenbat eta lehenago atera orduan eta azkarrago bizkortuko da jarduera ekonomikoa. “Inbertsio ekonomikorik onena pandemia gelditzea da”, adierazi du Otegik.

ARGIA @argia ARGIA @argia 2020ko martxoaren 29a
Arnaldo Otegi EITBko plato batean. Argazkia: EITB.eus.

Osasun krisiari aurre egiteko komunitate zientifikoaren zati batek proposatu duen estrategia bere egin du Otegik, hau da, birusari mailukada eman behar zaiola. Mailukada emateak esan nahi du konfinamendua bete eta jarduera ekonomikoa oinarrizkoenera mugatu behar dela, hedapena murrizteko. Aipatu du azken neurria gaizki eta berandu hartu duela Espainiako Gobernuak. Jarduera ekonomikoa hutsean geratuko dela adierazi dutenei erantzun die hori gezurra dela. Espainiako Gobernuak hartutako azken neurriaren arabera, jarduera ekonomikoaren herena ez dela geldituko adierazi du.

Bi alorretarako by-passak proposatu ditu, alegia, neurri ekonomikoak, batetik, familia, herritar eta langileentzat, eguneroko beharrei erantzun ahal izateko, eta bestetik, diru-laguntzak enpresen finantza- eta egitura-kostuei eusteko. Esan du inork ez duela enpresen aurkako estrategiarik planteatzen.

Kutsadura hedapenaren kurba 1.1 eta 1.2 puntuetan dabilela esan du eta 0.3-0,5 puntuetara jaitsi behar dela. Helburu hori lortzeko kutsatuak identifikatzeko test masiboak proposatu ditu. Geroago iritsiko litzateke gaur egungo neurri zorrotzak arintzea.

“Norbaitek hala uste bazuen, hau ez da katarro bat, hau luzea eta gogorra izango da”, adierazi du. Danimarka hartu du eredutzat, proposatu duen estrategia garatu ahal izateko. Han alderdiak, erakundeak, sindikatuak eta langileak mahai baten bueltan bildu direla esan du. Halako egitura bat proposatu du Nafarroarako eta EAErako. Elkartasun nazionala eskatu du eta aurrera begirako ekonomia plana burura eramateko gehien dutenek gehiago ipini beharko dutela azpimarratu du, eta ez ahulenek, alegia, emakumeek, pentsiodunek, langileek.

Betiko errezeta neoliberalek hemendik ateratzeko ez dutela balioko eta egoera aukera gisa baliatu behar dela esan du. Bestelako eredu sozial bat diseinatzeko aukera dagoela.

Otegi ados dago elkarlanean aritu behar dela momentu hauetan, baina bere ustez horrek ez du esan nahi kritikarik egin ezin denik, beti ere kritika arduraz egiten bada eta termino eraikitzailean. EH Bildu kritikak tonu onean egiten ari dela azpimarratu du: “Gauzak gaizki eta berandu egiten ari direla esan daiteke tonu onean”. Kritikak egiteagatik isekak jaso dituztela esan du, baina orain ez dela gaizki-esan horiei erantzuten hasteko momentua.

Arnaldo Otegik azken asteotako errepaso laburra egin du eta adierazi du kutsatuen eta hildakoen ehunekoa esponentzialki gora egiten ari dela. 7.000 kutsatu eta 312 hildako zenbatu ditu. Osasun larrialdiak ondorio ekonomiko eta sozialak ekarri dituela dio, baina emaitza txarrak aurretik ere bagenituela azpimarratu du, adibidez, Barne Produktu Gordina astean 0,5 puntu galtzen ari zela.