EH Bilduko oinarriek Arnaldo Otegi hautatu dute EAEko hurrengo hauteskundeetarako lehendakarigai. Euskal Herri osoan eginiko batzarretan hartu dute erabakia, gehiengo zabal baten onespenaz. Otegik asteazkenean egingo du bere lehen agerpen publikoa lehendakarigai gisa. Bilboko Euskalduna Jauregian izango da, Hobetzeko entzun ekitaldi zikloari jarraipena emanez; zikloko lehen saioa larunbatean egin zuen, Iruñeko Labriten.
Bateragune auziaren epaiak inhabilitazioa ezartzen dio Otegiri 2021era arte, baina koalizioko iturrien arabera horrek ez luke oztopo izan behar EAEko elgoibartarra hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, eta suertatuz gero lehendakari edo legebiltzarkide izateko. Horren arrazoia litzateke epaiak ez duela zehazten zein kargutarako ezarri den inhabilitazioa.
Aurrekariak alde dituela dio EH Bilduk. "Gauza bera gertatu zen Iker Casanovarekin, Ekin auzian; epaia ez zen zehatza". Gaur egun Eusko Legebiltzarrean parlamentarioa da Casanova. Oso bestelakoa da, esaterako, Segura auziaren epaia, Hasier Arraiz Sortuko presidentea Legebiltzarreko eserlekua uztera behartu duena
Edozein kasutan, uda ondoren ebatziko da afera, hautagai zerrendak ofizialak izan arte ezin izango bailitzateke abiatu Arnaldo Otegi lehendakarigai izatearen aurkako ekinbide judizialik.