Nola lortu jantokian bertako produktuak zerbitzea

  • Armentia Ikastolan egun, sukaldeaz arduratzen den enpresarekin hitzartutako akordioan lehengaien jatorria erabakitzeko aukera dute. Hara gainditu behar izan dituzten trabak, bertako produktuak bermatzeko.


2015eko irailaren 02an - 07:33

Armentia Ikastola osatzen dutenen arteko ekimena da hau, gurasoek, sukaldariek eta ikastolako langileek bultzatua. 2012/2013 ikasturtean jarri zen martxan gurasoek, ikastolak eta nekazari ekologikoek osatutako lan-taldea. Ibai Ruiz de Aretxabaleta, Armentiako zerbitzuen arduradunak, jendartean ematen ari den aldaketaren ondorio zuzentzat jotzen du. 2013/2014 ikasturtean produktu ekologikoak erosteari ekin zioten, inguruko bi baserritar ekologikori (Bolibarreko Oskar López de Lacalle eta Monasteriogureneko Mikel Díez) barazkiak eta lekariak hartuz. Baina, jantoki publiko baten horniketarentzat eskatzen diren baldintzak bete ahal izateko, arazo burokratiko asko topatu zituzten. Izan ere, Europar Batasuneko osasun-erregistroa eskatzen zaie mota honetako hornitzaileei, eta horrek suposatzen du, besteak beste, baserritarrak behartuta daudela lokal egokitu bat izatera produktuen kudeaketarako, kamara, komun eta bestelako baliabideekin hornituta. Ziurtagiri ekologikoa duen Urbide Otarrak enpresari esker, inbertsio horiek egiteko beharrik ez dute izan ekoizleek, enpresaren bitartez arauzko osasun-bermea lortzen baitute beraien ekoizpenarentzat.

Urbide Otarrak enpresa bitartekari

Josu eta Ana bazkideek 2014an osatu zuten Urbide Otarrak. Partikularrei saskiak eskaintzeaz gain, Goizalde Nagusien Egoitza ere hornitzen du. Hain zuzen ere, egoitza honekin lan egin ahal izateko lortu behar izan zuten Europar Batasuneko osasun erregistroa. Horren jakitun, baserritarrek eskatu zieten beraien eta ikastolaren artean zubi-lana egitea. Eta horrela lortu dute aurten ikastola Arabako barazki eta lekari ekologikoz hornitzea, lege sanitarioek eskatzen duten guztia betez. Ibairen hitzetan, elikagai ekologikoak eskaintzea pauso handia izan da, “baina eskala txiki batean ari gara. Ez da erraza elikagai ekologikoen aldeko apustua egitea. Hasteko, guri behintzat koste handiago bat suposatzen digu, eta hau gai garrantzitsua da kontuan izanda gurasoek ordaintzen dituzten kuotak ezin direla ukitu, nahiz eta zerbitzuaren kostuak garestitu [eguneroko erabiltzaileek 5,53 euro ordaintzen dute otorduko]. Enpresaren eta Ikastolaren artean adostu genuen bertoko lehengai ekologikoekin lan egitearen ondorioz gain kosturik sortzen bazen Ikastolak hartuko lukeela horren ardura. Kalkuluak eginak dauzkagu, eta gastu horiek jasateko moduan gaude, baina muga bat da”. Hala ere, arduradunak galdera bat pausatzen du prezioaren gorabeheran: “elikagai ekologikoak garestiak dira, edo konbentzionalak dira merkeegiak? Arazoak arazo, gure helburua da Armentiak burujabetasuna izatea menuen eskaintzan, horretan gabiltza”. Proiektuaren bideragarritasuna eta jarraipena lortzeko zer beharko litzatekeen galdetuta, beste atal batzuk ikastolaren menpe egotea ezinbestekoa dela baieztatzen du Ibaik. “Adibidez, gure hurrengo aurrerapausua menuak erabakitzea izan beharko zen; honek suposatuko luke hauen kostua, produktuak eta sasoitasuna kudeatu ahal izatea. Ematen diren aurrerapausu guztiak oso zehatzak eta neurtuak izan behar dute, gurasoen kuotak ez igotzeko. Ez dugu nahi inolako aldaketarik zerbitzu elitista bat eskeintzeko, uste baitugu zerbitzu duin, euskal dun, jasangarri eta iraunkorra eskeini ahal dela, kuotak igo gabe.”

Jantokia hezkuntza-proiektuan

Ikastolaren hezkuntza-proiektuan ingurumenaren zaintza ikuspegi ezberdinetatik lantzen da, baina elikagai ekologikoek badute garrantzi berezi bat, jantokiaz gain Baratza proiektua ere martxan duelako ikastolak. Ortuaren ongarri gisa, jantokiko soberakinekin egindako konposta erabiltzen dute. Horretarako, ikasleek batzen dituzte bazkarietako soberakinak (eguerdiro lau ikasle txandakatzen dira lan hau egiteko) ikastolako konposterara eramateko. Egunero, Ekaia enpresak hondakinak bildu eta Narbaizara eramaten ditu, bere azpiegituretan konposta egiteko. Kurtso bukaeran, Ekaiak konposta ikastolari eramaten dio eta ortuan ongarri gisa erabiltzen da. Horrela, Armentia Ikastolatik azpimarratzen dutenez, ikasleek bertatik bertara ikusten dute jantokiko hondakinez baliatu daitezkeela ongarri gozoa lortzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola jantokiak
Bultzatu den elikadura politikaren ondorioak:
Nekazariak kaleetan eta gurasoak haurrekin plazetan protestan

Nekazariak protestan ari dira, baina eredu agroindustrialak hartu du lidergoa. "Itun Berdea" ere, Europar Batasunaren hurrengo hamarkadako estrategia nagusia zena, pikutara bota dezakete, begirik kliskatu gabe. Bitartean, euskal eskoletan zorriak eta harrak... [+]


Ikastetxeetan jantoki-zerbitzua ematen zuen Serunion enpresari kontratua eten dio Jaurlaritzak

Ikasturtean zehar enpresaren jantoki-zerbitzuak hainbat ikastetxeetan sortutako “arazoengatik” eten dute kontratua.


Ikastetxeentzako bestelako jantoki eredu baten inguruko azterketa egingo du Hernaniko Udalak

Herriko ikastetxe eta ikasle guztientzako bestelako jantoki eredu bat bideragarria ote litzatekeen aztertzea izango du helburu lanketak. Hernaniko ikastetxe bakoitzeko gurasoen ordezkariarekin elkarlanean egingo dute.


Gasteizko Salburuako ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, baina Jaurlaritzak ez die bide ematen

Arantzabela, Errekabarri eta Salburua ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, auzoko eskoletako jangelak hornitzeko, baina hilabeteak joan hilabeteak etorri, administrazioaren erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute: "Arduragabekeria eta utzikeria zantzuak sumatzen... [+]


2023-11-23 | ARGIA
Hernaniko ikastetxeetako jangeletan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira paperezkoen ordez

Hernaniko ikastetxe guztietako Haur Hezkuntza zikloan eta ikastetxe bateko Lehen Hezkuntza zikloan jangelan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira, paperezkoen ordez. Udalak izan du ekimena eta berak erosi ditu 213 ikaslerentzako kotoizko zapiak herriko oihal denda batean... [+]


Eguneraketa berriak daude