argia.eus
INPRIMATU
Armenia, Nagorno Karabakhen konexioak berrezarri nahian
  • Armeniako Gobernuak bake akordiorako proposamenak egin dizkio Azerbaijangoari, Nagorno Karabakheko egoera hobetzea helburu. Proposamen horietan dago lurraldeko komunikazioa hobetzea, eta horixe bera eskatu dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere Azerbaijani.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2022ko abenduaren 23a
Armeniako lehen ministro Nikol PashiniƔn. (Alexei Druzhinin / Zuma Press)

Armeniako Gobernuak enegarren mugimendua egin du, Nagorno Karabakheko gatazka itzaltze aldera: bake akordioa lortzeko proposamen sorta helarazi dio Azerbaijango Gobernuari. Proposamen horien artean daude lurraldearen konexioak berrezartzea eta ziurtatzea, eta, bide horretatik bertatik, salatu du Azerbaijanek Latxineko pasabidea blokeatu duela, legez kanpo egin ere. Azken salaketa horri heldu dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, Azerbaijani eskatu baitio bermatu dezala pasabide horretatik “seguru” igaro ahal izatea.

Proposamen hauek azken gatazkaren ondorioz heldu dira. Etengabeak dira Armenia eta Azerbaijanen arteko istiluak, eta 2022a ez da gutxiagorako izan. Aurtengo irailean ere izan zituzten hildakoak bi aldeek, eta lurraldearen komunikazioak izan ziren kaltetuenak. Lotura honetan ARGIAren Nagorno Karabakh-eko kanala kontsulta dezakezue.

Ez da kasualitatea, beraz, Latxineko pasabidea bake akordioaren puntu garrantzitsuenetako bat izatea, berau baita Nagorno Karabakhek duen komunikazio bide bakarra; Armeniarekin, bederen. Lurraldeari buruzko azken albisteek diote pasabidea ez dela segurua, eta Armeniako lehen ministro Nikol Pashiniánek salatu du pasabidearen blokeoak galarazi duela oinarrizko elikagaiak heltzea eta familiak banatu dituela. Are, gehitu du Azerbaijanek gas hornidura eten duela, eta Nagorno Karabakheko agintariek eskatu dutela autoaren erabilera murrizteko, anbulantzien eta gutxiengo zerbitzuen mesedetan.

Azerbaijanek, ostera, ukatu egin du blokeoa egin duenik eta errusiar tropei egotzi die errua. Izan ere, 2020tik 2.000 soldadu errusiar inguru daude bertan, azken gerrako bake hitzarmenetan adostu bezala. Tropa errusiarrekin ere kritiko azaldu da Pashinián, aldarrikatu baitu beren lana dela legez kanpoko ekintza horiek saihestea eta Latxineko pasabidea kontrolpean izatea.

Mapen artean galduta

Kaukasoko mendi arteko gatazkak hiru hamarkada daramatza piztu eta lozorro artean, baina inoiz ez da guztiz itzali. Europa ekialdeko beste zenbait lurraldetan gertatzen den bezala, etnien eta erlijioen arteko gatazkek marraztu dute historia. SESBen parte bilakatu aurretik ere, mugen arteko gatazka bazegoen, eta Lehen Mundu Gerra garaian Azerbaijanen parte bihurtu zen.

Baina SESBen sartzearekin batera, entitate autonomo izatea eman zioten, eta gatazka nolabait isilarazi zuten: izan ere, SESB desegitean sortu zen gatazka. 1988an Azerbaijanen barne geratu zen Nagorno Karabakh, gehiengo armeniarra bazuen ere: alegia, herrialde musulman batean geratu ziren kristau ortodoxoak.

Harrezkero, muga zehatzik gabeko lurralde baten agintea izan du Artsajeko Gobernuak. Are, 1994ko eta 2020ko gerren ostetik muga horiek aldatzen joan dira. Eta horrela daude familia ugari beren etxeak utzi behar izan dituztenak, egundo Nagorno Karabakh zena egun Azerbaijaneko lur aldarrikatu dutelako azken horiek; eta militarrek etxetik bota dituztelako.