Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak armagintza industria goraipatu eta zabaldu diren “aukera” berrien aurrean sektorea “babestuko” duela azaldu du. “Beste kontu bat da gutako bakoitzak izan ditzakegun posizio ideologikoak”, gaineratu du. Zedarriak taldeak industria militarra sustatzera deitu zuen urtarrilaren 15ean. Taldea osatzen duten hamasei pertsonetatik hamarrek dute loturaren bat armagintzarekin, Gasteizkoak talde antimilitaristaren ikerketaren arabera.
Fórum Europa-Tribuna Euskadi foroan egin ditu adierazpenak Torresek, Bilbon, asteazken goizean. Hitzartze nagusia amaituta, hainbat galdera egin dizkiote PSEko lehendakariordeari, horietako bat armagintzari lotuta. Zedarriak taldeak adierazi zuen “segurtasun eta defentsa industrian” diru asko inbertituko dela Europan hurrengo urteetan, eta “aukera bikain” hori aprobetxatzera deitu zuen. Urtarrilaren 15ean egindako ekitaldi batean egin zuen aldarria, Torres bera gonbidatuen artean zegoela. “Defendatzen duzu aukera hau aprobetxatu behar dela eta defentsa sektoreko enpresak babestu behar direla?", galdetu diote. Baiezko argiarekin erantzun du lehendakariordeak.
Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren esanetan, “argi dago” industria militarrak “garapen oso potentea izango duela hurrengo urteetan”, bi arrazoirengatik: EBko politikak, eta “ezagutzen ari garen albisteak”.
Lehendakariaren esanetan “zorteko” gara, euskal industriak, “ingeniaritzan eta fabrikazioan”, armagintzarako “lan asko” egiten duelako. Produktu eta merkatu berriak zabalduko dira, eta “aukera” hori aprobetxatzera deitu du, armagintzaren enpresa “liderrentzako” ez ezik bere azpikontratentzako ere ekarriko dituelako etekinak. Armagintza euskal ekonomiaren sektore “oso garrantzitsua” dela adierazi du, industria teknologiaren “zati handi bat” dagoela bideratuta armagintzara.
Ez da ideologikoa
Armagintza sustatzeari “ez diogu beldurrik izan behar, erabat kontrakoa”, adierazi du Torresek, eta Jaurlaritzaren babesa ziurtatu du sektorearentzat, “herrialde osoaren onerako”.
Armagintza sustatzea eta horri buruzko bere adierazpenak, balore politiko edo ideologikoetatik gaindi kokatu ditu PSEko kideak: “Beste kontu bat da gutako bakoitzak izan ditzakegun posizio ideologikoak esparru honetan”, adierazi du erantzunaren amaiera aldera.
Zedarriak, armagintzaren aldeko lobbya?
Gasteizkoak talde antimilitaristak Zedarriak taldea osatzen duten hamasei pertsonek armagintzarekin duten lotura aztertu du ARGIAk argitaratutako ikerketan. Hamaseitik hamarrek “behintzat” dute loturaren bat ekoizpen militarrean aritzen diren enpresa eta teknologia zentroekin. “Begien bistakoa dirudi zein interes duen Zedarriak-ek industria militarraren bultzada proposatzeko. Horretan aritzen dira arlo honetako lobbyak”, ondorioztatu du talde antimilitaristak.