Armagintza. Espainiak arma esportazioak bikoiztu zituen 2010ean

  • Bada krisialdiaren eraginik nozitu ez duen sektore bat Espainiako Estatuan: armagintza. Aitzitik, aurreko urtearekin alderatuta arma esportazioak ia bikoiztu egin ditu, marka historiko guztiak hautsiz.


2011ko maiatzaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

Ez dirudi armagintzari eragin dionik azken bi urteetan Espainiako Estatuko ekonomia eta industria sektore ia guztiak gogor jo dituen ekonomia eta finantza krisialdiak. Espainiako Estatuko armagintzak –Hego Euskal Herrikoak barne–  2010ean marka historikoa lortuko luke, baldin eta, aurreikusten denez, aurreko urtearekiko esportazioak bikoiztu –edo ia bikoiztu– baditu. 2009an, datu ofizialen arabera, Espainiako Estatuak armetan 1.346,52 milioi euro esportatu zituen.

Bestalde, 2009an munduko xahutze militarra 1,5 bilioi dolarrekoa izan zen, gutxienez. Horrek esan nahi du egunero 4.200 milioi euro gastatu zirela, inoiz iritsi gabeko zenbatekoa, ezta Gerra Hotzean ere, Stockholmeko Bakearen aldeko Nazioarteko Ikerketa Institutuaren (SIPRI) azken txostenaren arabera.

2.000 milioi euro baino gehiago joan den urtean

Sektorearen 2010. ekitaldiko datu ofizialik ez dago oraindik, baina ekainean edo uztailean jakinaraziko dituztela aurreikusten da. Hala ere, Zerga Agentziaren estatistiketatik ateratako 2010eko lehen seihilekoko datu objektiboak badaude. Datu horien arabera, Espainiako Estatuak 2010eko lehen seihilekoan aurreko urteko aldi bereko arma esportazioak bikoiztu zituen, hau da, 900 milioi euro baino gehiago saldu zituen. Joera horri eutsi bazaio, litekeena da 2010eko ekitaldia 2.000 milioi euro inguruko arma salmentekin itxi izana, hau da, aurreko urtean baino %33 gehiago.

Esportatutako armen %42,3 Europar Batasuneko (EB) eta NATOko herrialdeei  saldu zitzaien, eta gainerako %57,7 banatu zen 60 herrialderen artean. “Kezkagarritzat”  jotzen diren herrialdeei ere saldu zaizkie, hala nola Saudi Arabia, Kolonbia, Israel, Ghana, Pakistan eta Marokori. Zehazki, 2010eko lehen seihileko horretan, Espainiako Estatuak armatan 3,2 milioi euro saldu zizkion Israeli, 453.000 euro Saudi Arabiari, eta 285.000 euro Kolonbiari.

Datu horiek erakunde serio eta profesionalek jakinarazi dituzte: Nazioarteko Amnistia, Greenpeace, Intermon Oxfam eta Fundació per la Pau. Erakundeok, Gatazkei eta Ekintza Humanitarioei buruzko Ikasketen Institutuarekin batera (IECAH), salatu dute esportazioak handitzeak areagotu dezakeela 2007ko Legea hauts dezaketen “salmenten arriskua”; giza eskubideak urratzeko erabil daitezkeen armaz hornitzea debekatzen du lege horrek .

2009an “herrialde kezkagarriei” esportatutako armak

2010eko datu ofizialik ezean, 2009koak jakinarazi dituzte. Eta hor ikusten da aipatutako GKEek hizpide dituzten herrialde “kezkagarriei” armak saldu zitzaizkiela. Israelera 790.635 euro esportatu ziren –2008ko 2,35 milioiak baino gutxiago–. Baina kezkagarriena da  2009an Israeli 2,8 milioi euro saltzea onartu zela, horietatik 2,5 milioi lehergailutan, koheteetan eta misiletan –salmentak ez ziren 2009an oraindik gauzatu eta, beraz, 2010eko ekitaldian agertuko dira–.

Kolonbiak garraio hegazkin bat eta dagozkion babes logistikoa eta ordezko piezak erosi zituen 33,3 milioi euroren truke. Indiak itsasontzientzako ordezko piezak eta munizioa erosi zituen, 10,6 milioi euro ordainduta. Pakistanek hegazkinentzako ordezko piezak eta Bengalako suziriak erosi zituen 760,321 eurogatik. Marokok Espainiako material militarrean 113,90 milioi euro xahutu zituen 2008an eta 31,12 milioi 2009an. Zenbatekoa asko murriztu arren, onartutako eta gauzatu gabeko operazioak 50,5 milioi eurora iritsi ziren. Saudi Arabiak 5,1 milioi euro ordaindu zuen hegazkinentzako ordezko piezak eta arma arinentzako munizioa lortzeko. Ibilgailuetan eta hegazkinetan beste 9,3 milioiko salmentak onartu ziren. Saharaz azpiko Afrika ere arma espainiarren bezero garrantzitsua izan zen: Botswa­nak bi garraio hegazkin erosi zituen, 37,5 milioi euroren truke. Ghanak, tropak garraiatzeko 30 ibilgailu, 2,3 milioiren truke. Ruandak, radar bat, 15,2 milioiren truke. Kenyak, hegazkin bonbak, 511.000 euroren truke. Eta Gabonek, hegazkinentzako ordezko piezak, 89.858 euro ordainduta.


Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude