Ekialde Hurbileko bake prozesua abiatu eta hilabete pasa denean, ordezkari palestinarrek atzo israeldarrekin zituzten bi bilerak bertan behera utzi zituzten, armada israeldarrak Qalandiya errefuxiatu gunean hiru palestinar hil ostean. "Ekintza honek bake prozesuarekiko Israelen benetako asmoak uzten ditu agerian", salatu dute ordezkari palestinarrek.
"Bilera bertan behera geratu zen, Israelek buruturiko krimenaren ostean –adierazi dute ordezkari palestinarrek–. Okupazio indarrek modurik makabroena bilatu dute negoziazio prozesua eteteko: armarik ez zuten hiru palestinar hiltzea". Aginte palestinarreko bozeramaile Nabil Abu Rudeinaren hitzetan, Israelek "bake prozesua suntsitu" nahi izan du.
Dena den, ordezkari palestinarrek gaineratu dutenez, atzoko bilerak bertan behera uzteko erabakiak ez du esan nahi bake prozesu osoa eten dutenik, baina elkarrizketak behin betiko apurtu daitezke, "nazioarteko komunitatearen aldetik garbi salatzen ez bada" gertaturikoa.
Hamar urte kartzelan pasa ondoren kaleratu berri duten Yousef al-Khatib palestinarra berriz atxilotzeko asmoz, mugako guardia israeldarrak errefuxiatu gunera gerturatu ziren, zibilez jantzita, goizeko bostetan. Herritarrek al-Khatib inguratu zuten eta armada israeldarra herritarren aurka tiro egiten hasi zen, Ma'an agentzia palestinarraren arabera. 32, 22 eta 20 urteko hiru palestinar hil eta beste hogei zauritu zituzten.