Martitzenean beteko dira 81 urte 1937ko ekainaren 12an Francoren tropak eta Italiako gezi beltzetako batailoi bi Getxo udalerriko kaleetara sartu zirenetik. EH Bilduk "Frankismoaren aztarnak Getxon" mahai-ingurua prestatu du Itzubaltzetako Romo kultur etxean, 19:00etan, "gaur egungo egoera ulertzeko oroitzea ezinbestekoa" delakoan.
Ezkerreko koalizioak gogora ekarri duenez, faxistek kontrola eskuratu bezain pronto errepresioa zabaldu zen, "suntsipena, heriotza eta sufrimendua utziz". Agintea hartu eta berehala frankistek 13 getxoztar fusilatu zituzten eta garbiketa-prozesua abiatu zuten": apaizak, alkatea, zinegotziak, eta lantegietako eta eskoletako beharginak biktimak izan ziren.
Biharko 81. urtemugan, EH Bilduko kideek Getxon eta Euskal Herri osoan izandako "errepresaliatu denen" oroimena ekarri gura dute gogora, iaz ere egin zuten legez. Iaz ekitaldi xume bat egin zuten Areetako Zubiko plazan eta errepresaliatuen senideei omenaldi bat eskaini zieten.
Hala, martitzeneko mahai-inguruan parte hartuko dute Alazne Díez Muñiz antropologoak, Javier Buces Aranzadiko ikerlariak eta Julen Arzuaga Gasteizko legebiltzarkideak.