argia.eus
INPRIMATU
EHUko arkitektura ikasleek hizkuntz eskubideen aldeko ‘greba sorkorra’ egingo dute
  • EHUko Donostiako Arkitektura Eskolako ikasleek "Greba sorkorra" egingo dute gaurtik hilaren 15era bitartean. "Ikasle euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatu eta euskara emantzipatuki garatzeko" eskatu dute, zabaldutako prentsa-oharrean (pdf) irakur daitekeenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 11
Aste arkitekturalaren afixa.

Hiru eskari zehatz egin dituzte. Batetik, administrazioak katedratiko eta proiektu-apaimahai euskaldun bikoiztuak ezartzea berehala. Bestetik, irakasleek euskarazko eta ingelesezko ekimenak antolatzea. Eta hirugarrenik, ikasleek auto-etika eta koherentziaz jokatzea, "euskaraz ikastea erabaki badugu".

Aste arkitekturala 2013

"Greba Sorkorrak" irauten duen bitartean, Aste Arkitekturala egingo dute ikasleek. "Eskola hustera goaz, berriro betetzeko", diote. Goizetan lantegiak izango dira eta arratsaldeetan, bazkari musikatuen ostean, hitzaldi, proiekzio eta tailerrak. Egunari amaiera emateko, Musikeneko ikasleek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte.

Ostiralean, bestalde, astean zehar egindako lanak aurkeztu eta arkitektura azoka egingo dira goizez; eta arratsaldean AiEne, DjWün eta Zurraiak kontzertua emango dute.

Egunez eguneko egitaraua (jpg).

Aste arkitekturala Facebooken.