argia.eus
INPRIMATU
Ballad of a Small Player
Arima urratua
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 26a

Film zoroa da Edward Berger zuzendariaren lan berria: Ballad of a Small Player. Iaz Conclave aurkeztuta, nork esan zezakeen istorio aldrebes honetara egingo zukeela salto?

Badiotsuet, baina, oro har prentsak iritzitakoa baino film hobea iruditu zaidala niri.

Kasinoen mundu koloretsu, geldiezin, zikin eta mafiosoan kokatu du filma Bergerrek. Ludopatian bete-betean jausita dagoen itxuraz tipo aberats bat da protagonista, Lord Doyle (Colin Farrell aktoreak gorpuztu du). “Lord”, bere buruari ipinitako titulua. Farrell aktore ezaguna da, hala nola The Banshees of Inisherin filmagatik, eta horri erreferentzia zirtolaria egin dio zuzendariak film hasieran, “arima herratua” terminoa erabilita, non eta Farrellen ahotsean.

Macaon bizi da Lord Doyle. Luxuzko hotel batean dago, egun osoa alkohola eta tabakoa kontsumitzen, eta kasinoan dirua xahutzen. Aberatsa dirudi, janzkerak eta plantak hori adierazten digutelako. Baina joango gara apurka gezurtatzen. Ez du hotela pagatzeko dirurik, eta ostatuko zuzendariak mehatxu egin dio dagoeneko, eta ez segurki lehen aldiz. Adibiderako: limusina bat eskatzen du, eta atariko langileak esaten dio den-denak lanpeturik daudela, kasualitatea. Kasinoan, antzera.

Dena da horrela, Doyle jaunari plantak egin eta esajerazio eta pelikula hori mantentzea gero eta gehiago kostatzen bazaio ere. Emakume bat gurutzatuko zaio parean, txinatar bat, hura ere azal batekoa eta barnetik ustela. Baina lagundu egingo dio, eta sentsualtasunetik, eta fantasiatik asko, Doyle jaunaren salbatzailea izango da. Ze, zergatiak emango ez baditugu ere, Doyle iraganetik iheska ari da.

Film ederra iruditu zait. Gidoia ona, bai, baina batez ere ekoizpena, bizitasun handia eman dio-eta Bergerrek, irudi eta soinu jolas bikainarekin. Film atsegina da, aspertzetik eta buruari gehiegi eragitetik urrun garamatzana. Drama, berez, handia du barnean, bizitza atakan ipini eta aurrerabiderik ikusten ez duelako zenbait unetan. Baina gehiago joko gaitu barre egitera, negar egitera baino.

Farrellen lana azpimarratzekoa da. Ikusi beharko da ea Sail Ofizialeko epaimahaiak zer saritzen duen; ez zait iruditzen aktore onenaren saria irabaztetik urrun legokeenik.