argia.eus
INPRIMATU
Ariel Sharonen heriotzaz poza agertu duten mezuak ikertuko ditu Israelek
  • Larunbatean Ariel Sharon Israelgo lehen ministro ohia hil zen, 85 urte zituela. Besteak beste, milaka palestinarren heriotza eragin zuen Sabra eta Xatilako sarraskiaren buru izan zen israeldar politikari eta militarra.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 13a
Hainbat palestinar Ariel Sharonen heriotza ospatzen

2006ean izandako odol isuri baten ondorioz koman egon da urtarrilaren 11n zendu den arte.

Bere heriotzaren harira pozezko hainbat mezu agertu dira kaleetan, eta Israelgo Segurtasun Publikoko ministro Yitzhak Aharonovitchek poliziari agindu dio kartelak ikertzeko.

Israelgo hainbat yeshiva edo zentro erlijiosotan azaldutako mezuek Ariel Sharonen heriotza ospatzen dute. "Mazal Tov beroa Ariel Sharoni bere desagertzean” bezalako esaldiak irakur daitezke afixetan. Mazal Tov urtebetetze edo urtemuga garrantzitsuetan zoriontzeko erabiltzen den espresio judutarra da.

Aharonovitchek azaldu duenez, “jokabide hauek mespretxagarriak dira eta ez ditut onartuko. Halako delituzko gertakariak saihesteko neurriak hartuko ditut. Poliziari eskatu diot lehenbailehen eta modu profesionalean konpon dezala gaia”.

Israelgo legediak adierazpen askatasuna jasotzen du; eta bortizkeria aldarrikatzen duten mezuak salbuetsita, gainerakoak bermatu behar direla biltzen da. Hortaz, ez dago garbi ikerketa abiatzeko oinarri legalik egonen den.

Azken agurra

Mundu osoko bigarren mailako agintariak joan dira gaur ospatzen ari den Ariel Sharonen hileta ekitaldira. Simon Peres egungo presidente israeldarrak eman dio hasiera ekitaldiari, “Sharonen bizitza Israelgo Estatuari estu lotuta dago, eta haren arrastoa bazter guztietan geratu da", adierazi du.

Parlamentuko zelaian egin den ekitaldian AEBko ordezkariak zeuden, Joe Biden presidenteordea buru. Horiekin batera, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia, Jiri Rusnok Txekiar Errepublikako lehen ministroa, Sergey Naryshkin Errusiako Parlamentuko presidentea eta Frank-Walter Sterinmeier Alemaniako Atzerri Gaietarako ministroa izan dira.

Hileta ekitaldiaren ostean, Sharonen gorpua Latrungo kuartel militarrera eramanen dute Armadaren omenaldia jasotzeko.

 

Palestinarrek pozik hartu dute Ariel Sharonen heriotzaren albistea.