argia.eus
INPRIMATU
Argitanek elkarretaratzea deitu du Barakaldon, taldean egindako bortxaketa salatzeko
  • Martxoaren 1ean elkarretaratzea egingo du Barakaldon Argitan elkarte feministak. Bide Onera plazan izango da, 19:00etan. Joan den igandean gizon talde batek emakume bat bortxatu zuen eta geroztik 20 eta 23 urteko bi gazte daude atxilotuta, eta beste bi ikerketapean. Argitan elkarteak herritarrei dei egin die kalera ateratzeko eta emakumeen kontrako erasoen arbuioa erakusteko.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 01
Argitan elkartearen elkarretaratze bat. Argazkia: Barakaldo Digital.

Argitan elkarte feministak oroitarazi du Barakaldon "eraso matxisten jarioa izugarria" izaten ari dela: abenduaren 26an 38 urteko gizon bat atxilotu zuten bere pisukideari sexu erasoak egiteagatik; urtarrilaren 2an 30 urteko gizon bat atxilotu zuten taberna batean sexu erasoak egiteagatik; urtarrilaren 6an gizon bat atxilotu zuten bere bikote-ohia erasotzeagatik; urtarrilaren 8an 20 urteko gizon bat atxilotu zuten denda batean sexu erasoak egiteagatik; urtarrilaren 23an gizon bat atxilotu zuten hurruntze agindua izanik ere emazte-ohiarengana joan eta eraso egin ziolako; urtarrilaren 17an 34 urteko gizon bat atxilotu zuten Karmen auzoan sexu erasoak egiteagatik; eta otsailaren 27an bi gizon izan dira atxilotuak eta beste bi ikerketapean daude, taldeko sexu erasoa egiteagatik.

Argitanek egoeraren larria nabarmendu du: "Kezkatzen gaitu ikusteak jarraitzen dugula sistematikoki erasotuak izaten, gizon batzuek uste dutelako emakume izate hutsagatik haiek eskubideak dituztela guregain, gure bizitzen eta gure gorputzengain".

"Indarkeria honi kontra egiteko guztion konpromisoa behar da"

Elkarte feministak dei egin die herritarrei: "Indarkeria honi kontra egiteko guztion konpromisoa behar da eta eraso egiten digun sistema patriarkal hau bukatu behar da; ez da justizia sozialik kegongo matxismoa gure gizartean dagoen artean, horregatik, mugimendu feministan lanean jarraituko dugu eta matxistek aurrez aurre izango gaituzte".

Erakunde publikoei ere dei egin die Argitanek: "Neurri integralak eta apostu ausartak behar ditugu erakunde publikoen aldetik, neurri estetikoez harago doazenak, babes sozioekonomikoa behar dugu eta gizarteko eremu guztietan formazio feminista zabaltzea".

Izan ere, Argitanek azaldu du indarkeria matxista ez dela modu isolatuan eta banaka ematen, "emakumeok gizarte patriarkal honetan bizi ditugun desberdintasun eta diskriminazioen ondorio dira. Kulturan, lan munduan, familian edo hezkuntza sisteman jasaten ditugu hauek".