Espainiako Lehia Batzordeak ez du ontzat eman atzoko Cesurren argindarraren enkantea, "ezohiko gertakariak" argudiatuta. Espainiako Industria, Energia eta Turismo ministro Jose Manuel Soriak jakinarazi du argindarra ez dela "inondik inora %11 garestituko urtarrilean”.
Atzoko enkantean erabaki zen energiaren kostua %25,6 igoko zela, eta ondorioz, kontsumitzaileek argindarraren prezioagatik %11,5 gehiago ordaindu beharko zutela urtarriletik aurrera.
Espainiako Industria Ministerioak prezioak manipulatu diren susmoa azaldu du, atzoko prezioen eta bezperakoen artean, %7 inguruko aldea zegoelako. Lehia Batzordeak esan du "aurreko asteetan merkatuan izan diren prezio altuen testuinguruan ezohiko gertaerak” eman direla.
Soriak gehitu duenez, “prozesu gardena izan dela esateko ez dakit zertan oinarritzen diren elektrizitate konpainiak, orduak aurrera doazen heinean argi geratzen ari da ez dela hala izan”. Horren aurrean enkanteen araudia berrikusi, eta berriro halakorik gerta ez dadin, aldaketak egingo dituztela ohartarazi du.
Atzoko berriak zalaparta handia sortu zuen jendartean. Baina ministroak adierazi du urtarrilean ez dela halako igoerarik izanen eta “zer pauso eman” aztertzen dabiltzala gaineratu du.
Argindarraren igoera adierazten duten hainbat grafiko:
- Berria
- El Pais