argia.eus
INPRIMATU
ARGIAren jarraipen berezia Donostiako Zinemaldiari
ARGIA @argia 2025eko irailaren 17a
Zinemaldia

Beste urte batez, ARGIA komunikabidea bertatik bertara ibiliko da munduko zine jaialdirik ezagunenetakoan, Donostiako Zinemaldian, ostiral honetan hasi eta hurrengo larunbatera arte. Fokuen azpian ibiliko diren filmei ez ezik, apalago igaroko direnei begira ere ipiniko gara, eta arreta berezia eskainiko diegu euskarazko ekoizpenei, dagoeneko egiten ari garen moduan; pasa den asteko astekarian Maspalomas filmeko zuzendariak elkarrizketatu genituen, esklusiban.

Bi zatitan bereiziko dugu Zinemaldiko filmen jarraipena: batetik, Urrezko Maskorraren eta sari preziatuen lehian ariko diren Sail Ofizialeko filmak; eta bestetik, gainontzeko sail eta emanaldien jarraipena. Lehenaren kontakizuna Gorka Peñagarikano Goikoetxeak egingo du, eta bigarrenarena, berriz, Eneko Atxa Landak.

Horrez gain, batik bat euskarazko ekoizpenak era patxadagoan aztertzeaz arduratuko da Maria Ortega Zubiate. ARGIAko irakurleek datozen asteetan, estreinaldi ofiziala gerturatu ahala, irakurri ahal izango ditu Zinemaldian aurkeztu diren euskarazko film eta telesailei buruzko elkarrizketak.

Euskal Zinemaren Gala hain justu ere erdi-erdian tokatuko da, irailaren 23an, asteartean. Beste urtetan bezala, Dani Blancok alfonbra gorria zapaltzen dutenak kamerarekin harrapatuko ditu.

Webgunean atal berezia eskainiko diogu Donostiako Zinemaldiari, era finkoan. Eguneko hiruzpalau filmen kritika irakurri ahal izango da, eta bilduma majo bat osatuko dugu ekoiztutako eduki guztiarekin. Irakurleak sare sozialetan ere topatuko ditu edukiak; besteak beste, egunero Telegramen, iluntzetan.