ARGIArekin, herri komunikabideekin, guztion eskubide zibil eta politikoekin

  • Sarri, gehiegikeria eta bortizkeria instituzionalizatua hain egiturazkoa eta denboran jarraitua denean, komenigarria da geure buruei jada ahaztuta ditugun oinarri-oinarrizko ideiak gogoraraztea: zergatik ezarri diote isuna ARGIAko Axier Lopez kazetariari? Lan-orduetan haien lana esparru publikoan egiten ari ziren funtzionario publiko batzuen argazkia zabaltzeagatik. Horrela nahiko balute aurpegia estaltzeko eskubidea dutenek, gainera (eskubide eztabaidagarria, bestalde).


2016ko apirilaren 11n - 04:40

Mozal Legeak hori du helburu nagusietakoa azken finean: ustez gure zerbitzura –zalantzarik gabe gure soldatapean– dauden erakunde, egitura eta langile publiko jakin batzuen fiskalizazio lana herritarroi zailtzea. Bereziki, polizia eta politikariena. Horregatik polizi-jardueren lekukotasuna hartzeari zailtasunak edo legebiltzarren aurreko protesten zigortzea, besteak beste. Bigarren helburu bat, aurrekoarekin osagarria erabat, herritarron adierazpen eta mobilizazio eskubideak are gehiago murriztea da. Mozal Legea azken urteetan herritarrok adierazteko garatu ditugun erreminta eragingarrienen aurkako artikulu sorta da: polizien irudiak zabaltzea, etxegabetzeak gelditzea, herri harresiak, kongresuaren aurreko mobilizazioak... Egituraz eskubide zibil eta politikoen aurkako legea da, disidentzia eskubidearen aurkakoa.

Gure eskubideak ez dira, urrundik ere, egungo salbuespen iraunkorraren arkitektura juridikoan kabitzen. Horren sinplea eta larria da. Axierri entzun diogu egunotan: desobeditu beste aukerarik ez didate uzten, nire lana egiten jarraituko badut. Horregatik, Axier Lopezi eta ARGIAri elkartasuna adierazteaz harago, herri komunikabide honek isuna ordaintzeari uko eginez hartu duen jarrera desobedientea txalotzen dugu.

Axier Lopezi eta ARGIAri elkartasuna adierazteaz harago, herri komunikabide honek isuna ordaintzeari uko eginez hartu duen jarrera desobedientea txalotzen dugu.

Kontuz. Ez dezagun geure burua mugatu, ez gaitezen autozentsuratu. Nahikoa muga eta zentsura ezartzen dizkigute jada. Axier Lopezen kasuari dagokionez: ez diezaiogun utzi polizia gehiegikeria edo besterik gabe jarduera bat grabatzeari. Legeak irudirik hartzea ez du debekatzen, horien ondorengoko erabilera mugatzen du. Jorge Fernandez Diaz ministroak berak esana da. Ez diezaiogun beraz irudiak hartzeko aukerari uko egin, borrokatu dezagun erreminta baliotsu hori. Eta pentsa dezagun gerora nola zabaldu ahalik eta modu egokienean, debekuen eta isunen gainetik. Zentzu horretan, informaziorako eskubidea, jasotzekoa eta ematekoa, ez da kazetarien lana soilik. Gu guztiona da.

Axierren aurkako isuna herri komunikabide guztien aurkako erasoa da, informazio eskubidearen aurkakoa, herritar guztioi egiten zaiguna. Urteak eman ditugu "elkartasunetik konpromisora" leloa errepikatu eta errepikatu, askotan gure dinamikei babes eske. Herri komunikabideak ezinbesteko bidelagun izan ditugu bide honetan. Orain, ARGIAko lagunek debekuari desobedientziaz, legeari justiziaz erantzutea erabaki duten honetan, gure elkartasuna ez ezik euren ekimenari gure konpromisoa adierazten diogu ere.

Bien bitartean, gure lana indartzea izango da gure ekarpena. Izan ere, Donostiako Eleak/Libre dinamikak Mozal Legearen aurkako astea antolatua zuen jada, heldu den aste honetarako. Hamaika ekimen izango dira, baina gaurkoan bi nabarmendu nahi ditugu. Asteazkenean arratsaldeko 7etan mahai ingurua antolatu dugu, “Komunikabideak eta Adierazpen askatasuna” goiburu ezin egokiagoarekin, hizlari nekez egokiagoekin: Sergio Labaien (Ahotsa), Lander Arbelaitz (ARGIA), Boro (La Haine) eta auzipetutako bi txiolari: @erreharria eta @jegurzegi. Apirilak 16an, larunbata, arratsaldeko 6etan, Mozal Legearen aurkako giza-katea: Epaitegia inguratzera goaz.

Gure eskubideak ez dira haien legeetan kabitzen... desobedientzia.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbidera

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetarien aurkako jazarpena
2024-03-01 | Axier Lopez
Prentsa askatasunaren aurkako sokak ez du etenik: oraingoan AraInforen kontra jo dute

Enpresa batek kereila jarri du Aragoiko AraInfo hedabidearen eta haren bi kazetariren aurka, baita Zaragoza en Común-eko zinegotzi baten aurka. Zaragozako Udalak enpresa horri emandako dirulaguntzen inguruan, komunikabide independenteak argitaratutako informazioari... [+]


2024-02-22 | Gedar
Absolbitu egin dituzte 'Cubainformación'-eko kazetari bat eta Euskadi-Cuba elkartea

Aurreko astean, Madrilen epaitu zituzten José Manzaneda kazetaria eta Euskadi-Cubako legezko ordezkaritza, artikulu baten harira: AEBen blokeoaz hitz egiten zen idatzian. Sei urteko espetxe-zigorra eta 70.000 euro inguruko zigor ekonomikoa eskatzen zituen akusazio... [+]


2024-02-16 | Axier Lopez
Pablo González kazetariari espetxealdia luzatu diote zortzigarren aldiz

Hilaren 28an bi urte beteko ditu Poloniako kartzelan Euskal Herriko kazetariak. Poloniako justiziak ostegun honetan erabaki du beste hiru hilabetez luzatzea behin behineko espetxealdia.


Cubainformación eta Euskadi-Cuba elkarteko kideei sei urteko kartzela zigorra ezarri nahi diete

Akusazio partikularrak 50.000 euroko kalte-ordaina ere eskatu du Cubainformacióneko José Manzaneda kazetariaren aurka, erreportaje batean emandako edukiagatik.


Pablo Gonzalez kazetariak Polonian preso bi urte beteko dituela salatzeko manifestazioa deitu dute Gernikan

Otsailaren 28an bi urte beteko atxilo. Egun horretarako, Gonzalez libre uztea aldarrikatzeko manifestaziora deitu du Guernica Gernikara ekimenak.


Eguneraketa berriak daude