argia.eus
INPRIMATU
Argia Sariak banatuko ditugu gaur Usurbilgo Atxega Jauregian
  • Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 31n, hedabideetako, kulturgintzako eta erakunde publikoetako ehun lagun inguru bilduko dira. Bazkariaren ondoren, 16:00etan egingo da sari banaketa. Antton Mendizabalek egingo dituen azken garaikurrak jasoko dituzte saridunek. Eskultore donostiarrak agur esango du 1991z geroztik saridunentzat oroigarriak egin eta gero.

ARGIA @argia 2025eko urtarrilaren 31

36. edizioa izango da gaurkoa. Gonbidatuak 13:00ean gerturatuko dira Usurbilen dagoen Atxega Jauregira eta zizka-mizken inguruan berriketarako tartea egongo da. Ohiturari jarraituz, hedabideetako, kulturako eta erakundeetako ordezkariek argazkia aterako dute. Bazkariaren ondoren, Nagore Irazustabarrena eta Axier Lopez Oroimen Histerikoa podcastaren egileek aurkeztutako ekitaldian sariak banatuko dira.

Sei sari banatuko dira aurten: entzunezkoa, ikus-entzunezkoa, prentsa, Internet, komunikazio kanpaina eta merezimenduzkoa. Bazkalondoren, 17:00etan sariak jakinarazi bezain pronto, ARGIAren webgunean egongo da informazio guztia. 20:00etan saio osoa ikusi ahal izango da argia.eus-en.

Urte osoan zehar, ARGIAn lanketa egin ondoren, udazkenean herritarrei galdetu zitzaien proposatzeko Argia Sariak nork merezi dituen, eta urtero bezala, ARGIAko lantaldeak erabaki du euskarazko komunikazioan nor nabarmendu den 2024an. Ez dute dirusaririk saridunek, baina ARGIAren aitortzarekin batera, Antton Mendizabal eskultoreak egindako garaikurra emango zaie. Mendizabalen eskulturak 1991tik banatzen dira eta aurtengoak izango dira donostiarrak egindako azkenak, lantegi honetatik erretiroa hartzea erabaki baitu. Miel Anjel Elustondok elkarrizketa polita egin dio: “Noizbait ere gauzak bukatu egin behar dira, konplitu dugu Argia Sariekin”.

Aurreko edizioei eta sarituei buruzko informazio guztia Argia Sariak kanalean kontsultatu daiteke.