Materia iluna deitzen zaio unibertsoaren zatirik handienari, ikusi ezin daitekeenari. Izan ere, ez da espektro elektromagnetikoan agertzen. Baina hor dago. Eta ikusi ez arren, detekta daiteke. Gauza bera gertatzen da maiz pertsonekin. Joan egiten dira asko. Eta kendu egiten dizkigute beste batzuk. Gure eskuetatik eskapatzen zaizkigu, gure ondotik. Materia ilun bilakatzen dira. Eta ezin ditugu ikusi, ez dira gure aurrean agertzen. Baina igarri eta sentitu egiten ditugu hala ere.
Bi hilabete igaro dira Koldo Losada aktore algortarra hil zutenetik. Eta hilabete bat Donostiako Victoria Eugenia Antzokia lanparaz bete eta bere heriotzaren iluntasunari argia eman genionetik. Gogoratzen dut eszenatokiko atzeko paretan Koldoren argazki erraldoi bat zegoela eskegita. Bertan sentitzen baitzen bera zoriontsuen. Horretaz gain, jendearen artean bildutako ehunka lanpara kokatu zituzten oholtzatik sakabanatuta. Moreak, arrosak, urdinak, zuriak … kolore guztietako argiak. Izkina batean, piano bat eta noski, piano-jolea.
Guztira 300 pertsona inguruk bete genuen antzokia. Horien artean hainbat aurpegi ezagun: Gorka Otxoa, Alvaro de Luna, Mario Pardo, Sara Cozar, Asier Ormaza, Mikel Laskurain eta Tina Sainz, besteak beste. Jende asko igo zen eszenatokira. Koldorekin egindako bidaiak gogoratu zituen Dorleta Urretabizkaiak, zenbait anekdota barregarri Javier Merinok. Beste hainbat bizipen Cesar Novalgos eta Iñake Irastorzak. Eta begiak malkoz bete zitzaizkigun Garbi Losadaren hitz hunkigarriekin. Beste batzuk, aldiz, musikaren bidez adierazi zuten euren mezua; ilobak bertsotan, Iñaki Salvador pianoan, Ane Gabarain kantuan, eta beste hainbeste.
Amaitzeko, zutitu egin ginen, eta Koldoren argazkiari begira txalo emateari ekin genion. Tartean besarkadak, musuak, negarrak eta barreak. Eszenatokiko oihala ireki eta itxi egiten zen bitartean, txaloak gero eta gogorragoak zirela ematen zuen, gero eta altuago entzuten ziren. Inoiz txalotzeari utzi nahi ez bagenio bezala. Edo agian, inoiz agurrik esan nahi ez bagenu bezala.
Oihala azkeneko aldiz itxi, eta antzokiaren goiko partera igo ginen denak, Koldoren omenez zerbait jan eta edatera. Eta egongo dira, nire modura, oraindik ere atzera begiratu eta bertan zegoela imajinatu zutenak. Oraindik ere, eta nahigabe, jendearen artean bilatu egin genuenak. Eta ez genuen ikusi, ezin baitzaio ikusi. Baina materia ilunarekin gertatzen den bezala, detektatu egin genuen. Igarri egin genuen eta sentitu egin genuen. Ikusi ez arren, egon bazegoelako, eta egongo delako.