Laborantza Ganbarari begira
Onintza Irureta.
Donibane Garazin egin genuen atzo ARGIAren 2000. zenbakia ospatzeko hirugarren mahai-ingurua. Hiru hizlariek,
Rafa Diez (LAB),
Joxe Elorrieta (ELA) eta
Mixel Berhokoirigoinek (ELB) LARRUNen (92.a) idatzitakoak laburbildu zituzten. Ondoren hitz egin zuten helburu estrategikoak eta egunerokotasuna ezkondu beharraz, Laborantza Ganbararen esperientziaz eta euskal esparru sozioekonomikoa osatzeko Euskal Herrian egin beharko litzatekeen bateratze prozesuaz.
LARRUNen jaso ditugun hausnarketak laburbildu zituzten hiru sindikalistek eta ia entzuleei betarik eman gabe hasi ziren elkarri galdezka. Joxe Elorrietak gaur egungo sindikalismoak nondik nora jo behar duen azaldu zuen. Sindikatuek hankak lurrean izan behar dituztela, egunerokotasunetik gertu egon behar dutela azpimarratu zuen. "Lurra zenbat eta gehiago ukitu orduan eta indartsuago da sindikatua" esan zuen.
Rafa Diezek galdetu zion Berhokoirigoini ea zer egin dezaketen langile sindikatuek nekazaritzaren alorretik gertuago egoteko. Bi bide azpimarratu zituen. Batetik, norbanakoaren jarrera lantzea aipatu zuen eta esan zuen badirela gaiak nekazari ez den jendea ere hurbil dezaketenak, adibidez, transgenikoen gaia. Bestetik, koadro juridikoa aldatzea beharrezkotzat jo zuen.
Rafa Diezek behin eta berriz aipatu zuen euskal esparru sozioekonomikoa eta Euskal Herrian esparru bateratua egiteko zailtasuna aitortu zuen. Sindikalistak astindu eta hitz politetatik praxisera igarotzeko garaia dela azpimarratu zuen. Euskal esparru sozioekonomikoaren osaketan Laborantza Ganbara jarri zuen adibide. Joxe Elorrietak ere Laborantza Ganbara aipatu zuen, eredu "progresista" eta "nazionala" biltzen dituen erakundea. Laborantza Ganbara Frantziako Estatuari konfrontazio demokratikoa egiten ari dela esan zuen eta Hegoaldean berriz, indar gehiago izanda, Espainiako Estatuaren aurrean konfrontaziorik ez dagoela gaineratu zuen. Laborantza Ganbarak planteamendu estrategikoak eta egunerokotasuna bildu dituela azpimarratu zuen eta zera gaineratu: "Perspektiba positiboa da zuentzat eta Hegoaldeko hutsunea mahai gainean jartzen du". Euskal esparru sozioekonomiko bateratua nola egin galderari honela erantzun zion Berhokoirigoinek: "Iparraldean behar dugu existitu ofizialki, bestela ez dugu efikaziarik. Espero dut 20 urte gabe izango garela. Beharbada Departamenduaren bidez? Gero egingo ditugu gauzak Hegoaldearekin, baina ez bagara ez gara nibel bereko partaide".