"Argi daukat kartzelan sartuko nautela"

  • Alfredo Remirezek (Amurrio) urtebeteko kartzela zigorrari aurre egingo dio 2005ean sakabanaketa salatzeko panpina ateratzeagatik herriko jaietan. Hala azaldu du Halabediko elkarrizketan. Atzo haren aldeko mozioa onartu zuen Amurrioko Udal Osoko Bilkurako gehiengoak, gaur 20:00etan manifestazioa egingo dute herrian. Bilbo Zaharrean, aldiz, 20:30ean izango da elkarretaratzea.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko irailaren 29an - 10:55

Nola zaude epaiaren berri izan ondoren?

Ez oso ondo. 2005ean panpina ateratzeagatik, 2009an epaitua izatea eta 2017an jakinaraztea kartzela zigorra bete behar dudala ez da ongi etorria.

Hala ere, bolada horretan gauza gehiago gertatu dira, ezta?

2005ean sakabanaketa salatzeko panpina atera nuen preso baten argazkiarekin. Horren ondorioz, PPk eta berari lotutako zenbait lobbyk (Dignidad y Justiciak eta horrelakoek) salaketa jarri zidaten.

2009an epaitu ninduten eta urtebeteko kartzela zigorra eta 6 urteko gaitasungabetzea ezarri zizkidaten.

Gero, 2015ean "Operación Araña III" dela medio, atxilotu ninduten terrorismoa goratzea akusatuta berriro. Aurten izan nuen epaiketa otsailean eta akordioa lortu nuen; ez estatuarekin nire askatasuna hitzartu nahi nuelako, baizik eta aurrekariak nituelako. Hortaz, adostu genuen 14 urteko gaitasungabetzea eta 2.400 euroko isuna.

Zer gertatu da orain? Aurreko gelak, 2009an epaitu ninduenak, alegia, berriro ireki duela 2005eko kasua eta aurrekaritzat jo dituenez, ebatzi du espetxera joan behar naizela.

Ematen du badagoela Alfredo Remirez kartzelaratzeko asmoa.

Hasieran ez nuen uste, baina "andereñok" mania didala pentsatzen hasi naiz. Ikusten dut bazutela interesa ni zigortzeko.

Beti jartzen dut adibide bera, baina arraroa da "Billy El Niño" torturatzailea, ehunka kasu dituena, Entzutegi Nazionaleko ate beretik sartu zela eta bertatik atera dela garbi. Ehunka biktimek salatu duten arren.

Ni berriz, kartzelara sartu beharko naiz urtebetez.

Hortaz, bai, badirudi mania hartu didatela, baina ez niri bakarrik. Presoen alde eta egi bakarraren aurka gaudenon kontra jotzeko gogotsu dira.

Adierazpen askatasunaren aurkako erasoak direla esan duzu behin baino gehiagotan.

Atxiloketa bere testuinguruan jarri behar da. Nire azkenengo atxiloketa baino bi egun lehenago Gasteizko Herri Harresia izan zen. Oso arrakastatsua izan zen sozialki eta hedabidetan. Berez, nire azken txioa atxilotu aurretik izan zen Herri Harresiaren aldekoa.

Egun batzuk geroago, ordea, hauteskundeak ziren. Nire ustez, propaganda gisa erabili gintuzten. Besteak beste, Cesar Strawberry Def Con Dos taldeko abeslaria ere harrapatu zuten oihartzun gehiago izateko.

Orokorrean, horrelako kasuetan, eskutitza bidaltzen dizute jakinarazteko deklaratu behar duzula. Eurak kontrolpean zuten nire bizitza, atzetik izan nituen eta bazekiten bizimodu arrunta nuela. Hau da, ospa egiteko arriskurik ez zegoela. Dena den, atxilotu behar ninduten, bestela argazkia galduko zuten.

Zu, Alfredo moduan, eta "@erreharria" moduan, oso ezaguna zara, balio izan du horrek gizartea astintzeko?

Nire lagunek egindako kanpainari esker, agian, adierazpen askatasunari buruzko eztabaida piztu da. Ematen zuen gaia ahaztuta zegoela: Egin Egunkaria, Egin Irratia, Ardi Beltza, Mozal Legea... bazirudien atzoko gauzak zirela, baina azken lau edo bost urteetan 50 lagunetik gora igaro gara Entzutegi Nazionaletik gure iritzia sare sozialetan plazaratzeagatik.

Nire kasuan, gainera, Galindori buruzko txiste txar bat kenduta, epaitutako txio guztiak izan dira elkartasunekoak. Pablo Gorostiagari ongi etorri txioa idazteagatik, adibidez. Guztioak ezagutzen dugu Pablo, 18/98 prozesuan epaitu zuten eta 8 urteko kartzela zigorra bete zuen. Tarte horretan bere emaztea hil zen eta ez zuen aukerarik izan agurtzeko. Pregoilari izateko hautatu zuten eta ez zioten utzi... hori 70 urte baino gehiagorekin. Nik egin nuen gauza bakarra izan zen ongi etorria eskaintzea, nahikoa zigorra bete ostean.

Hori, eurentzat, terrorismoa goratzea da, niretzat da poztasuna adieraztea pertsona bat herrira itzultzen delako.

Urtebeteko kartzela zigorra irmoa da eta zure abokatuak helegitea jarri du. Zein izango da ibilbidea?

Egia da helegitea jartzeko parada dugula, baina horrek ez du geldituko zigorra betetzeko agindua. Hortaz, nahiko argi daukat kartzelan sartuko nautela.

Edozein unetan?

Espero dut, honetan, behintzat, gutun bidez jakinaraztea. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiot elkartasuna adierazi didan jende orori. Mila esker.

Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude