Palestinan gertatzen ari dena ikaragarria dela erraten du jende orok karrikan barna, “Onartezina da! Genozidioa da!” bilakatu dira azken aldiko entzunenak. Egoera salatzeko elkarretaratzea egin, ordea, eta bidegabekeria dela pentsatzen duten hamar horietatik lau bertzerik ez dira hurbildu herriko plazara. Bilkura deitu den arratsaldeko 19:00etan ez ote du bidegabekeria izaten segitzen, akaso?
Arduraz mintzatzen gara eta estatuen eta politikoen ardura faltaz, batez ere. Familiak desagerraraziz, esperantza guziak itzaliz eta bizitzeko ilusioaren zirrara lurperatuz, Israel Gaza suntsitzen ari den bitartean, herrialdeen interbentzio falta agerikoa delako eta hura exijitzeko beharra ere badagoelako. Baina, gaur-gaurkoz, herrialde gisako ardura alde batera utzi eta herritar gisako arduran erreparatzeko behar handia dago. Zergatik agertu dira ba genozidioa hitzez salatzen duten hamarretik lau bakarrik plazarat? Non daude bertze sei horiek? Agertu ez diren horiei guziei hausnarketa propiorako egiten diet hemendik gomita.
Israel genozidio bat egiten ari da Palestinan eta herritar gisa arduratzeko garaia iritsi zaigu. Kontzientziatik ardurara dagoen distantzia etxetik plazarat dagoena da. Nire etxetik herriko plazarat 600 metro daude, zuretik?
Agian, plazarat agertzeak ez ditu palestinarrak hurrengo bonbardaketaz libratuko. Baina gertatzen ari denarekin ados ez gaudela jakinen du munduak. Bonbardaketa baten ondotik, harrien artetik hilda ateratzea bizirik segitzea baino hobe bilakatzen ari da Palestinan eta horren kontzientzia hartzen dugula ziurtatuko diegu. Eta kontzientziatik haratago, hemendik, urrundik bada ere, herritar gisa arduratzen garela oihukatuko diegu.
Bigarren Mundu Gerrako holokaustoaz badakigu denok, hezkuntza esparruan ere ezinbertzeko gaia bilakatu baita. Badirudi arduratzen garela sarraskiaz eta ikaragarria iduritzen zaigu garai hartako jendarteak genozidio hura babestu edota baimendu izana. Kontziente gara, arduratzen gara, “A ze barrabaskeria!” pentsatzen dugu kontzentrazio esparruetan zeuden haur gosetien argazkiak ikusita. Eta bitxia da, bitxia da nola hartaz arduratzen garen eta garai hartako herritarren pasotismoa kritikatzen dugun, gaur egungoarekin konparatzera ausartu gabe. Israel genozidio bat egiten ari da Palestinan eta herritar gisa arduratzeko garaia iritsi zaigu. Kontzientziatik ardurara dagoen distantzia etxetik plazarat dagoena da. Nire etxetik herriko plazarat 600 metro daude, zuretik?
Leire Mihura