argia.eus
INPRIMATU
"Arbolaren besta" egingo dute lehen aldiz Biriatun, fruitu arbolak ardatz
  • Azaroaren 26an Biriatun Arbolaren besta egingo dute, lehen aldiz. Egun osoan egongo da arbola landareak eta arboletatik datozen produktuak erosteko aukera, tokiko ekoizleen azokan. Arratsaldean mahai-ingurua egingo dute, gai hau lantzeko: "Arbola herrian: elikadura eta erronka klimatikoaren aterabidea". Hervé Covès agronomo entzutetsuak hitzaldia emango du biharamunean, elikadura burujabetzari buruz. Aldi bereko itzulpena egongo da mahai-inguru eta hitzaldi guztietan.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2023ko azaroaren 20a

Larunbatean Biriatura doanak aukera izango du arbola landareak erosteko bertako mintegietako ekoizleei. Fruitu arbolak izango dira protagonista (sagarrondoak, udarondoak, melokotoiondoak, aranondoak...) baina baita ere egongo dira bestelako arbola klaseak: zuhaitzak, zuhaixkak, fruitu txikiak eta landare iraunkorrak.

Oma elkarteko kide diren Audrey Hoc eta Aimar Rodríguez buru-belarri ari dira Arbolaren besta antolatzen, eta landare ekoizleak ere badira. Bertako mintegiei erostearen garrantzia azpimarratu digu: "Gure mintegian ez ditugu bertako barietateak soilik ekoizten, gainera klima aldaketarekin interesgarria da beste alde batzuetako barietateak sartzea, gero eta bero handiagoa egiten duelako eta hezetasun gutxiago dugulako... Baina nahiz eta kanpotik ekarritako barietateak izan, txertatzerakoan txerto-amak edo patroinak edo mentu-oinak egokituak izango dira bertako klimara, ez kanpoan egindakoak, ondorioz, landare horiek hemen landatzeko egokituak dira".

Arbolei buruzko liburuak eta arboletatik eratorritako produktuak

Beheko afixan ikus daiteke azokan mahaia jarriko duten mintegi berezituen aukera zabala. Horiez gain, Eki21 proiektuak arbolei buruzko liburuak jarriko ditu salgai, hizkuntza anitzetan dagoen bibliografia interesgarria eskainiz. Eta zuzenean arboletatik eratorritako produktuak ere egongo dira azokan: gaztainak eta gaztainekin egindako produktuak; hurrak eta hurrekin egindako produktuak; sahatsaz egindako saskiak... baina Hoc-ek zehaztu duenez, "denak izango dira zuzenean arbolekin lotura duten produktuak".

Azokan beren salgaiak eskainiko dituzten ekoizleak.

 

Arbola gai harturik mahai-ingurua eta Hervé Covès-en hitzaldia

Azaroaren 26an 17:00etan itxiko da azoka eta ordu erdira mahai-ingurua egingo dute hiru aditu hauen artean: Sébastien Cau (permakultura diseinu jangarriak egiten ditu), Jaime Jiménez (Zuberoan bizi da, arbol eta arbol-hesiei buruzko teknikaria da) eta Hugues de Failly (laborariekin saiatzen da pentze handietan hesiak berriz ezartzen eta arbolen garrantzia berreskuratzen horrelako paisaietan).

Hiruen artean landuko duten gaia hauxe da: "Arbola herrian: elikadura eta erronka klimatikoaren aterabidea". Izan ere, Biriatuko Udalak bere programa politikoan txertatua du elikadura burujabetzaren gaia eta horregatik landu nahi izan dute herrian arbolek elikadura burujabetzan jokatzen duten papera. Bestetik, Hoc-ek oroitarazi du "arbolek ura sortzen dutela, eta ondorioz, erronka klimatikoaren aterabideetako bat dela arbola".

Hervé Covès Frantziako estatuan sona handiko agronomoa da eta hitzaldia emango du astelehen arratsaldean, azaroaren 27an. "Arbola eta elikadura buruaskitasuna" izango du hizketagai.

Antolakuntzak ziurtatu du bat-bateko itzulpena izango dela mahai-inguru eta hitzaldietan eta euria ari badu, aterpean egingo direla bai azoka eta baita mintzaldiak ere.