argia.eus
INPRIMATU
Guraso batek epaile adingabe bat jo du Pasaian, gazteen futbol partida batean
  • Pasaiako Trintxerpe auzoan igandean jokatzen ari ziren futbol partidan, publikoko pertsona batzuk jokalarien arteko liskarrean sartu, eta haietako guraso batek marrazain adingabeari eraso egin dio. Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak azaldu du ez dela kasu bakartua, eta gertatutakoa ikertzen ari dela.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 15
Guraso batek arbitro adingabe bat jo du gazteen futbol partida batean, Trintxerpen.

Guraso batek arbitro adingabe bat jo du igande honetan, Pasaiako Trintxerpe barrutiko (Gipuzkoa) gazteen futboleko partida batean. Jokalarien artean liskarra hasi eta publikoko pertsona batzuk ere zelaira sartu dira. Haietako guraso batek jo du marrazaina. Gazteen Lehentasunezko mailan Trintxerperen eta Behobiaren arteko partida jokatzen ari ziren. Gipuzkoako Futbol Federazioaren presidente Manu Diazek gertatutakoa gaitzetsi du, eta ez dela kasu isolatua azaldu du Noticias de Gipuzkoan, asteburu berean Bizkaian eta Araban ere antzeko erasoak egin baitira. 

Diazek jakitera eman du kasua ikertzen ari direla, eta neurriak hartzeko “bide disziplinario guztiak” baliatuko dituztela; are, biktima adingabea izaki, erantzukizun penalak ere ekar ditzakeela. Gaztea ondo dagoela jakinarazi du.

Trintxerpeko futbol klubak ere erasoa gaitzetsi du asteartean argitaratutako ohar batean, eta etxeko taldea ziren heinean, “Lehiaketa Batzordearen ustetan dagozkien neurri eta ondorioak” onartuko dituztela adierazi dute.