argia.eus
INPRIMATU
Larrialdietako 112 zenbakia bere onera itzuli da Telefonicako arazoa konpondu eta gero
  • Telefonicak intzidentzia bat izan du eta horrek sare finkoan eragin du. Ondorioz, EAEko Larrialdiei Kudeatzeko Zentroa kaltetu da. Hala ere, arazoa konpondu dela ezagutarazi dute eta 112 larrialdietako telefonoa martxan dago berriro. Nafarroan ere eragina izan du, baina 09:00etatik zerbitzua "normaltasunez" ari dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 20a
Sos Deiak

Telefonica konpainiaren arazoa izan da, sarea "eguneratzeko" lanetan zeudela emandako intzidentzia batek sortu du egoera. Sos Deiak goizeko 04:00etan hasi da arazoak sumatzen. Deiak nekez sartu dira edo etenak nabaritu dira. Kasu askotan, operadoreen erabakia deiak itzultzea izan da, arreta bermatzeko. 

Arazoak linea guztiei eragin ez badie ere, Jaurlaritzak eskatu du arazoa konpondu bitartean 900 112 088 telefonoa erabiltzeko larrialdien berri emateko, SOS Deiak-ek sare sozialetan jakinarazi duenez. Zerbitzua bere onera itzuli ahal izateko, konpainiarekin harremanetan jarri dela ezagutarazi du. Behin arazoa konponduta, larrialdi kasuan berriz 112 telefonora deitzeko galdegin du Segurtasun Sailak. 

Nafarroako Gobernuak adierazi du intzidentziak eragina izan duela, baina 09:00etatik "normaltasunez" funtzionatzen ari dela. Arazoari aurre egiteko anbulantzietako langileen eta suhiltzaileen artean badaezpada walkie-talkieak banatu dituzte.