Juan Manuel Ormazabal Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakariak dimisioa aurkeztu dio Zuzendaritza Batzordeari. Ormazabalek iazko martxoan hartu zuen lehendakari kargua eta azaldu duenez, Batzar Orokorrak onartutako planari zuzendaritzak eman dion “babes eskasa” izan da dimisioa aurkezteko arrazoietako bat. Bestalde, Pasaiako Portu Agintaritzarentzat aholkulari bezala lan egiteko izan dituzten desadostasunak ere azaldu ditu Ormazabalek. Bere esanetan, kanpo portuaren proiekturi eta badiaren biziberritzeari loturiko aholkularitzaz elkarteko hainbat bazkide aktibok egindako “balorazio negatiboa” onartu zuen zuzendaritzaren zati batek. Bere iritziz balorazio horrek “elkartearen desgobernurako bide arriskutsua” ireki du. Zentzu horretan, Aranzadik ez duela postura ofizialik gogoratu du Ormazabalek: “Ez dago informaziorik edo azterketa zientifikorik postura ofizialik hartu ahal izateko”. Bide batez, lehendakariak Aranzadiren “egoera ekonomiko zaila” azpimarratu du. Zuzendaritza batzordeak martxoan egingo den batzarrean jakinaraziko du Ormazabalen dimisio eskaeraren inguruko erabakia.