Arantza herria naturaren erdian kokatuta dago, natura beraren parte dela ere esan genezake. Bertan, natura ikusten, arnasten, entzuten eta dastatzen da. Natura eta, honekin batera, baita lasaitasuna ere. Hona, gure aste honetako Sarekadako proposamena: Arantza herria ezagutu eta bere naturaz gozatu, besteak beste, mendi txango baten bidez (Arantzako zirkua, edo mendi itzulia).
Nafarroa Iparraldeko Bortziriak eskualdeko herrietako bat da Arantza. Gainontzekoak Etxalar, Bera, Lesaka eta Igantzi dira. Arratako –Bidasoaren adarra– errekaren gainean eta Ekaitza mendiaren ipar magal aldapatsuan dago eta mendi zirku batek inguratzen du, bailara erdian baitago herri euskaldun hau. Lau auzok eta 120 baserrik osatzen dute eta, guztira, 670 biztanle dira gutxi gorabehera. Iparraldeko goi nafarrera hitz egiten den honetan, biztanleen %99 euskal hiztunak dira.
Bi urtetik behin egiten da inguruko mendizaleen artean sona handia duen Arantzako mendi itzulia. Azkena, maiatzean egin bazen ere, ibilbide ederra da nahi denean eta nahi denarekin egiteko. Ibilbidearen bidez, herriko mendietako tontorrak zeharkatzen dira: Unanu (659m), Itsaszelaia (517m), Izu (828m), Oilargata (660m), Ibintza (1.037m), Ekaitza (1.040m), Illurdi ( 1.085m), Mendaur (1.136m, aukerakoa), Mairubaratzeta (750m) eta Zepuru (715m). Ibilbidearen distantzia 30-32 kilometrotakoa da eta 1.550 metroko desnibela du. Herriko plazatik abiatzen da ibilbidea eta, Arrata erreka eta Aranibar baserria igaro ondoren, igotzen da lehen tontorrera, ondoren itzulia egiteko. Hasi moduan herrian amaitzen da ibilbidea. Gainera, galtzeko beldurra duena lasai egon liteke, bidea ondo seinaleztatua dago-eta. Guztira, 6-7 ordutan egiten den ibilbidea da. Beraz, goizean goiz hasita, bazkaltzeko herrian egoteko moduan litzateke bisitaria. Egindako esfortzuaren ondorioz, mendizaleak eskertuko du bazkari bero eta goxo bat jatea eta, horretarako, lekurik ez da falta herrian, hainbat ostatu eta jatetxe baitaude: Pabloenea, Burlada eta Aterpe. Ezagunena ziurrenik Arantzako Aterpe genuke. Barnetegia, jatetxea… aisialdirako hainbat aukera eskaintzen dituen txoko hau ezin aproposagoa da lasaitasuna bilatzen duen jendearentzat, mendizaleentzat, haur-taldeentzat, bikoteentzat nola taldeentzat. Gainera, sabelaren gustagarri, garaian garaiko jakiak eskaintzen dituzte. Kultur ekitaldiak, hilero kontzertuak eta zuzeneko emanaldiak ere izaten dira.
Behin esfortzu fisikoa eginda eta sabela beteta, bisitariak herriko txoko eta bitxikeriak ezagutzeko parada du. Horretarako, hainbat aukera ditu; esaterako, inguru karstikoa duen San Juan Xar-era ibilbidea egin dezake –Igantziko udalerrian– eta, bertako, haitzuloa eta iturria ezagutu. Antzinako sinesmenaren arabera, bertako urak sendatzeko gaitasuna du, baina, horretarako, beharrezkoa da zapia edo oihala bertako iturrian busti eta mindutako gorputz atala berarekin igurztea eta, ondoren, zapia bertako harkaitzetan uztea. Beste aukera bat izan daiteke angula haztegi zaharrera joatea –egun itxita dago– eta, era berean, Beheko Errotako presa ezagutzea. Bertatik, Bidasoa ibaian dauden izokinak bistara daitezke (Bidasoa da Euskal Herrian izokina duen ibai bakarra). Aranibar etxea –Erdi Aroan martxan zen burdinolako jaun eta olagizonen etxea–, garai batean garia eta artoa ehotzeko erabiltzen zen Beheko Errotako zubia eta herrian hainbat lekutan aurki daitezkeen galtzadak, karobiak –Ameriketatik ekarri berria zen artoaren uztak hobetu eta lurra ontzeko erabiltzen ziren– eta iralekuak herriaren historia eta esentzia ezagutzen laguntzen dute.
Egunari amaiera emateko, herriko bestak abuztuaren 14tik 17ra bitarte direla kontuan izanik, egun horietarako prestaturiko ekitaldiez goza dezake bisitariak, edo lasaitasuna nahi izanez gero, ondoan dituen herrietara gertura daiteke.
Honela bada, Arantza herriak naturaz eta Euskal Herriko esentziaz gozatzeko parada eskaintzen du aukera ezberdinen bidez.