Maiatzaren 22an EAEko Legebiltzarrak mila milioi euro zorpetzeko lege proiektua onartu du “zientzian, teknologian, enpresan eta industria sektorean eragiteko”. Naiz hedabideak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak KPMG Asesores SL enpresari eskatu dio plana garatzeko, zeinak duela gutxi Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu ohia kontratatu duen.
Mila milioi euroko zorpetzea baliatuta, Finantzen Euskal Institutuaren bidez, finantza inbertsioak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak. Hain zuzen, eta Naiz-ek argitara eman duenez, Finantzen Euskal Institutuak KPMG aholkularitza enpresari haren zerbitzuak eskatu dizkio “EAEko enpresa- eta industria-sarearen trantsizioa/eraldaketa finantza-tresnen bidez bultzatzeko jarduera-plan bat definitzeko”. Plana EAEko finantza- eta inbertsio-ekosistema osoarekin batera egingo luketela adierazi dute.
Esleipena apirilaren 14an egin zen eta maiatzaren 9an formalizatu zen. 181.500 euro kostako da KPMG enpresak emango duen zerbitzua. Lehiaketara sei aholkularitza enpresa aurkeztu ziren. KPMG Asesores-ek lortu zuen puntuaziorik onena “balio-iritzietan”. “Formulen puntuazio” guztizkoan beste enpresa batek irabazi zuen.
KPMG enpresak apirilaren 9an iragarri zuen Arantxa Tapia, aurreko hiru legegintzaldietako Industria sailburua, kontratatu zuela aholkulari lanetarako. Eldiario.es hedabidearen arabera, KPMGri aholkularitza zerbitzuak eskaintzeagatik urtean 180.000 euroko ordainsari finkoa izango du sailburu ohiak, gehi gehienez 50.000 euroko aldagai bat.