Aramaioko Ibabeko Bertaren Bilobak garaile

  • Larunbata, hilak 17, Gasteizko Alde Zaharrean aurtengo Kuadrilla artekoaren finala eta jai eguna ospatu zen. Arabar bertso Kuadrillen eguna ere bai, parte izan diren 14 taldeetako lagunak lanerako, bertsotarako eta gozatzeko prest, talde bakoitzak bere hazitxoa jarri zuen eguna borobiltzeko.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2018ko martxoaren 19an - 11:52
Argazkia: bertsozale.eus

Bazkari herrikoian ez zen jana eta edana falta izan, 150 lagun inguru elkartu ziren mahai inguruan. Bazkalostean, batzuk zein taldek irabaziko apustuak egiten eta beste batzuk falta ezin ziren trikiaren doinuan polka, fandango eta biribilketak dantzaten.

Bertsolariak oholtzara igo aurretik, kuadrillartekoaren sintonia, paretetan animo pankartak zintzilik eta irribarre urduri ñimiño bat. Dena prest final handirako, Oier Suarez aurkezlearen ahotsak entzun orduko oholtzaratu zira 11 bertso lagunak, Erreralekor Birizik!, Txandrio eta Ibabeko Bertaran Bilobak taldetako kideak.

 

 

 

Alde Zaharreko Landatxo kiroldegian bazkari jendetsua. Argazkia: bertsozale.eus.

 

 

 

Kantuan aritutakoak 

Arabar Errioxako Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta eta Unai Bengoetxea Txandriotarrak. Aramaioko Xabi Igoa, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa Ibabetar Bilobak. Eta Errekaleorreko Eñaut Otxoa de Eribe, Maddi Sarasua, Sabin Aranburu, Aitor Irastortza eta Peio Ormazabal.

Gai-jartzen Nieves Del Alamo eta epaitzen Mikel Marto, Jon Hidalgo, Josu Olano, Mikel Fernandez de Arroiabe, Ekaitz Elorriaga, Patxi Aizpurua eta Aitor Jimenez.Hotzak kitatzeko moduko agurrak prestatu

zituzten taldeek Raphaelen “Mi gran noche”  doinuan Txandrioarrek edota  Ibabeko Bertaren jauntxoari errebeldiaz nola aurre egin zionekoa kontatuz aramaioarrek.

 

 

 

Idatzizko eta bat-bateko 16 taldek hartu du parte aurtengo Arabako Bertso Kuadrilla Artekoan, denera 300 lagun inguruk. Hemen hiru talde finalistak. Argazkia: bertsozale.eus.

 

 

 

Bat-bateko bertsoaldiak

Zortziko txikian eman zioten hasiera saioari, ale ederrak entzun genituen inoiz aterkirik eramaten ez zuen Manex, Sabinen euritakopean zelarik.  Jarraian Ruben Sanchez bertsolari neutralak atzeko hiru marrazki bizidunei jarri zizkien bertsoak. Gero, seiko motzean ofizioka Maddi eta Unai furgonetan joan ziren bidaian. Puntuari erantzunez jarraitu zuen saio puntuagarriak. Iparragirren doinuan martxoaren 8ko manian emakumezkoen paperean jarri zituen gai jartzaileak, jubilatuenean edota AHTa pasako den Lautadako nekazarien paperean. Kartzelako lana aurretik puntuka aritu ziren talde denak.

Hotzak hitzak ere izoztuko zituela uste izan bagenuen ere, kartzelako lanak familiako trapu zahar eta sekretu pikaroenek giroa berotu zuten bertsolariek mahai bueltan ardoa zintzurretik barrena sartzen zuten bitartean. Irati Axpe eta Maialen Ballina musikariek lagunduta aritu ziren koplaka.

Epai mahaiko kideen erabakia entzuteko unea heldu zen, Ibabeko Bertaren Bilobak 2018ko bertso Kuadrilla artekoaren garaile.

 

 

 

Talde irabazlea: Manex Agirre, Xabi Igoa eta Andere Arriolabengoa Aramaioko Ibabetar Bilobak.

 

 

 

Sariak ere anitzak

Opari eta oroigarri gabe ezin zen amaitu aurtengo edizioa ere, sariak ematen arabako bertsogintzan alor ezberdinetan aritzen diren emakumeen ordezkariak, bat-bateko zein idatzizko talde parte hartzaileei made in araba produktuz osatutako otartxoa edota poltsa banatzen. Bertsolari finalistek gainera Kuadrillarteko argazkia jaso zuten oroigarri gisara eta Manex Agirre, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa bertsolari garaileek pago bana: Arabako bertsogintzaren sustraiak errotzen ari direlako loratuko dira kimu berriak.

Eguraldiak ez zuen utzi Kuadrilla arteko kamiseta koloretsua luzitzeko parada handirik, akaso 2020an xirak edo termikoak diseinatu behar…


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa
2023-03-27 | Bertsozale.eus
Katuko Muinoak taldea izan da garaile Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 27an eman zitzaion hasiera 2023ko Arabako bertso Kuadrillartekoari, 12 saio eta 3 finalaurrekoren ostean helmugara heldu zen larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 12 talde eta idatzizko modalitatean 15 talde aritu ziren, denera 280 lagun inguru.

2023-03-22 | Hala Bedi
Arabako Bertso Kuadrillartekoaren finala larunbatean ospatuko da Laudion

Gasteizko Errexala eta Katuko Muinoak taldeak eta Aramaioko Izena Pentsau Bida lehiatuko dira arratsaldean, baina goizetik hasiko dira giroa berotzen.


2023-03-08 | Bertsozale.eus
Errexala sailkatu da finalera bigarren finalaurrekoa irabazita
Bastidan jokatu da Arabako Bertso Kuadrilla artekoaren bigarren finalaurrekoa. Lautadako Beeeeertsolariak eta Gasteizko Errexala taldeak lehiatu ziren. Epaimahaiak erabakita Errexala taldea gailendu zen, beraz, Laudion jokatuko den finalean abestuko du.

2023-02-27 | Bertsozale.eus
Aramaioko "Izena pentsau bida" izan da Arabako bertso Kuadrillarteko 1. finalaurrekoan irabazle

Arabako bertso Kuadrillarteko lehen finalaurrekoa burutu da Aguraingo Zabalarten. Aramaioko "Izena pentsau bida" eta Gasteizko "Bertxilika" taldeak izan dira lehian bertan. bertan. "Izena pentsau bida" gailendu da saioan, beraz Laudion, martxoaren... [+]


2023-02-14 | Bertsozale.eus
Bigarren faseko Kuadrillarteko finalerdiak erabakita geratu dira
Lehen faseko azken lau saioak jokatu dira asteburuan, eta erabakita geratu da hurrengo fasea. Hauexek dira sailkatutako taldeak: Izena pentsau bida (Aramaio), Bertxilika (Gasteiz), Beeeeertsolariak (Lautada), Katuko muinoak (Gasteiz), Errexala (Gasteiz) eta Txandrio (Arabar... [+]

Eguneraketa berriak daude