Aralar babestu dezagun

  • Zuetako askok jakingo duzuen bezala, Aralarren pista berriak egiten hasi dira. Dagoeneko Intzensaotik Goroskintxuraino doan pista egin dute baina proiektuak Aralarko bihotza diren Alotza eta Arritzagako bailarak pistaz gurutzatzea aurreikusten du.


2017ko urtarrilaren 05an - 08:37

Urriaren bukaeran hondeamakinen argazkiak ikusi nituenean gustu txarreko txantxa bat zela pentsatu nuen, baina ez, errealitate gordina zen. Inoiz ez nuke pentsatuko horrelako proiektua inori bururatu zekiokeenik.

Aralar parke naturala eta Europako Batasunaren babes bereziko eremua da eta bere gainean errespetatu beharreko arautegi luze eta zabal bat idatzita dago. Garrantzizkoa izanik ere ez dut lege eta araudien gaia aztertuko, fiskaltzak berandu baino lehen egingo duela espero dut.

Batzuek dioten bezala, Aralar ez da Yellowstone, jakina, baina pistak egin nahi dituzten eremua Gipuzkoan eta Euskal Herrian pistarik gabe gelditzen zaigun eremu bakarretakoa da. Aralarkoa paisaia humanizatua dela diote, eta hala da, Aralar orain dela 6.000 urte segur aski baso zabal bat izango zen. Egun ezagutzen dugun Aralarko paisaia artzaintzari zor diogu eta ni ere sinistuta nago artzaintza mantendu eta lagundu behar dugula, beti ere Aralarko oreka zainduz. Nire uste apalean, honez gero,  Aralarren egin dira egin beharreko pista guztiak. Pista gehiago eginez gero natura eta artzaintza tradizionalaren arteko oreka galdu egingo da.

Pisten bultzatzaileek gizartea desmobilizatzea lortu dute argudio faltsu eta maltzur batekin, pisten kontra bazaude artzaintza eta nekazaritza munduaren aurka zaude, sinple bezain makurra.

Pisten aurka gauden asko nekazaritza mundua gertukoa dugu eta asko nekazaritza mundukoak dira. Hala ere bada argitu beharreko funtsezko ideia bat, Aralar ez da herrietako ohiko landa eremua. Baserriak, larre eta baso pribatuak haranean behera gelditzen dira. Aralar, Mankomunitateko 15 herrietako biztanle guztiona (Tolosan bizi arren ni lazkaotarra naiz) da eta urteetan artzainek eta ganaduzaleek larre horiek erabili dituzte beren lanbideak aurrera ateratzeko, eta primeran iruditzen zaigu denoi. Aralar beti egon da herrietatik aparte baina azken hamarkadetan bertaraino gerturatzea asko samurtu da, Nafarroatik Igaratzaraino (1200 m.) kotxez erraz iritsi zaitezke, Amezketatik Ariñateraiño (950 m.) eta Ataundik Enirio (900 m.) eta Intzensaoraino (850 m.) eta orain Goroskintxuraino (900 m.) ere berdin. Pista hauek guztiak egon arren inork ez du zalantzan jarriko Aralarren artzaintza ogibide gogorra ez denik.

Aralarko balio naturalen babesa eta artzainen bizi baldintzen hobekuntzaren arteko ekuaziotik pista berriak lehenbailehen atera beharko genituzke. Balizko soluzioen artean egon beharko ez litzatekeen bakarra da hobetsi eta onartu dena, pista erraldoi berriak egitea.

Pisten obrak bertan behera utzi eta azterketa serio eta sakona egiteko unea da. Galdera hauen erantzuna jakitea lehentasunezkoa iruditzen zait: Zenbat artzain eta abeltzain daude Aralarren? Horietatik zenbatek du artzaintza ogibide bakarra edo nagusia? Zein baldintzatan daude erabiltzen dituzten bordak? Zenbat ardi, behor eta behi daude? Aralarko larreak zenbat animalia jasateko gai dira? Nolakoa da Aralarko ekosistema ezberdinen (larreak, basoak,  akuiferoak...) osasuna? Zer egin dezakegu artzain eta ganaduzaleen bizi baldintzak hobetzeko Aralarko ondare natural eta arkeologikoa, eta paisaia kaltetu gabe (diru laguntzak handitu, bere produktuen merkaturatzea erraztu, irisgarritasuna lehuntzeko inpaktu ekologikorik gabeko neurriak aztertu...)?...

Eta bada denon artean erantzun beharreko nahitaezko galdera. Zer nolako Aralar nahi dugu gure ondorengoentzat?

Argi gelditu ez bada, berriz ere azpimarratu nahi nuke ez nagoela-gaudela artzainen kontra, proiektu honen kontra baizik. Pisten kontra gaudenontzat emozionalki gogorra suertatzen ari zaigu jarrera hau hartu izana. Gehienon kasuan familiarteko edo lagunak tartean daudelako. Nire kasuan, zenbait aspaldiko ikasle edo egungo ikasleen gurasoak eta zinez diot hoberena desio diedala, ezagutzen ditudalako eta estima handian ditudalako baina gainontzeko artzainenganako nire nahiak berdinak dira.

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude