argia.eus
INPRIMATU
Aragonésen gobernuaz gain, Juntsen biziraupena dago jokoan
  • Gaur eguerdian JxCat-eko militanteen %73k parte hartu du alderdia egiten ari den barne erreferendumean. Pere Aragonesek gidatzen duen gobernuan jarraitu ala ez bozkatzen ari dira. 17:00etan itxiko dira hautetsontziak eta ondoren alderdiko zuzendaritza bildu egingo da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko urriaren 07a

Asko dago jokoan eta hori ere nabari da parte-hartze handian. Dagoeneko, JxCek ERCrekin batera osatzen duen gobernuan jarraitzeaz gain, alderdiaren zatiketa ere jokoan dago. Oraindik ere independentismoaren liderra den Carles Puigdemont eta alderdiko lehendakari Laura Borrás gobernua uztearen aldekoak dira, eta haiekin bat egiten du, esaterako, Gemma Geis kontseilariak.

Gobernuan jarraitzearen aldekoa dira, adibidez, Jordi Sánchez alderdiko lehen lehendakaria, Xavier Trias Bartzelonako alkate ohia edo Joaquim Forn preso eta kontseilari ohia. Egun duen posizio instituzionalaren izenean, Jordi Turull alderdiko idazkari nagusiak ez du bere iritzia plazaratu. Jaume Giró, Victoria Alsina, Violant Cervera eta Lourdes Ciuró egungo Kataluniako Gobernuko kontseilariak ere gobernuan jarraitzearen aldekoak dira.

Aragonesen gobernua oso kolokan

Aldekoek irabazten badute ere, Pere Aragonèsen gobernua oso kolokan dago, ez baitirudi aurkakoek hori onartuko luketenik, beraz, oso litekeena da alderdia apurtzea. Ateratzearen aldekoek irabaziz gero, agian ez da alderdia hautsiko, baina Turullek esku-bete lan izango luke zauriak josten.

Emaitza kontrakoa bada, JxCek aurrera eramango luke orain arte erreferendumagatik geldiarazi duen konfiantza mozioa, eta oraingo gobernua eroriko litzateke. Aragonesek bakarrik gobernatuko lukeela iragarri du, baina JxCen eta CUPen sostengua galduta –azken honek sarritan salatu du ez dela bete JxC eta ERCrekin zuen gobernu akordioa–, PSC eta Comunen sostengua bilatu beharko luke, eta lortu ezean, hauteskundeak deitu beharko lituzke.

Zerrenda zibikoa

Baina gobernuarenaz gain, independentismoak oso egoera korapilatsua bizi du, aurtengo Diadako istiluetan argi ikusi zen moduan. Manifestariei bideokonferentziaz zuzenduta, Carles Puigdemontek eskatu zion Pere Aragonesen gobernuari bete zezala erreferendumaren agindua.

ERCk independentismoa indartu eta bigarren erreferenduma bideratzeko estrategiaren aldekoa den bitartean, ANCk eta Puigdemonten jarraitzaileek urriaren 1ekoa ontzat ematen dute eta haren arabera jokatzea aldarrikatzen dute. Hori egin ezean, haien ustez, Puigdemontek gidatzen duen Errepublikaren Kontseiluak hartu beharko luke ardura hori eta, beraz, independentismoaren lidergoa.

Egoera horretan, urriaren 11n ANCk iragarri zuen alderdi independentistek eta gobernuak urriaren 1eko agindua lehenesten ez badute, ANCk hauteskundeetara aurkeztuko litzatekeen laugarren indar independentista sortzea aztertuko duela: Zerrenda zibikoa. Datorren otsaila aurretik konferentzia nazionala deituko duela iragarri zuen ANCk, eta orduan erabakiko duela zer egin.