Aragoin sistema hau lehenbizikoz ezartzera erabakita, Matarraña eskualdeko lau udalerritan Atez Ate biltzen hasi berriak dira beren hondakinak. Lekuko hedabideek zabaldu dutenez, Peñarroya de Testavins, Monroyo, Fuentespada eta Torre de Arcas udaletako arduradunak harrituta daude sistema berriaren emaitzekin: gaikako bilketan hasiera batean %51 lortzea espero zuten arren, laugarren asterako %71 gainditu dute.
La Comarca lekukoa hedabideak zabaldu duenez, birziklatze tasa onaz gain, arduradunek azpimaratu dute bildutakoaren kalitatea ere. Zehazki, Atez Ate bildutako hondakin organikoan nahastutako zikinak (inpropioak) ez dute gainditu %2; hain zuzen ere, organikoaren bilketa kalean lagatako kontainer handietan egiten denean (zer esanik ez birziklatzea hautazkoa denean) askoz ugariagoak dira nahastuta daramatzaten zakarrak.
PSOE eta PAR alderdiek gobernatzen duten Matarranya eskualdean eta horiek dira lau udalerriotan sistema estreinatu dutenak. "Ez genuen hain datu ona espero. Jendeak oso ondo erantzun du eta datorren urterako espero dugu udalerri gehiago abiatzea Porta a Porta sisteman", adierazi du Rafael Marti eskualdeko lehendakariak. Matarranya eskualdean katalana da bertako hizkuntza, horregatik sistemari Porta a Porta deitzea Aragoiko eskualde honetan ere.