Araban lau parke eoliko eraikitzea aurreikusten zen, baina horietako bi handienei ez die baimenik eman Eusko Jaurlaritzak. Arkamoko eta Iturrietako proiektuak bertan behera geratu dira.
Iazko abenduan Araban lau parke eoliko eraikitzeko asmoa agertu zuen Eusko Jaurlaritzak, denak ere ingurumen gune babestuan kokatutako proiektuak: Arkamokoa, Iturrietakoa, Labrazakoa eta Azazetakoa. Lehenengo biak atzera bota ditu berriki ordea, ingurumen baldintzak aztertu ostean Ingurumen Sailak baimena ukatu baitie proiektuei, ingurumenari kalteak eragin diezazkiotela arguditatuz. Bertan behera gertu diren parke eolikoak ziren proposatutako proiektu handienak; Arkamokoak 95 MWeko ahalmena zuen eta Iturrietakoak 75 MWekoa.
Labraza eta Azazetako proiektuen bestelako bidea hartu dute, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duten Aixeindar sozietateari tramiteekin aurrera egiteko baimena eman baitzaio. Bi proiektuok 40 MWeko ahalmena dute.
Klimaren Europako Legean ezarritako helburuei jarraikiz, 2030erako EAEn kontsumitzen den argindarraren %32 bertan ekoitzi nahi du Jaurlaritzak, egun kontsumitzen denaren %8 bakarrik ekoizten baita. Ohar bidez jakinarazi duenez, udaberrian eman zen amaitutzat Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren parte hartze sozialaren hasierako fasea, energia berriztagarrien instalazioak antolatzen hastea xedetzat zuena. Orain beste fase bati hasiera eman nahi diola adierazi du, eragileen eta erakundeen ekarpenekin lurralde plan sektoriala osatzeko. Bigarren fase horrek definituko lituzke energia berriztagarrien instalazioentzako kokalekuak.
Parke eoliko proiektuoi jarritako alegazioak ez dira gutxi. Arabako Mendiak Aske plataformak, EH Bilduk, Podemosek eta Equok 20.000 alegaziotik gora aurkeztu dituzte horien aurka.
Jaurlaritzaren erabakiari dagokionez, Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko Arabako Batzar Nagusiko eledunak adierazi du "aktibazioak eta erantzun sozialak fruituak eman" dituztela, baina "orain trantsizio energetiko egoki eta orekatu bat adosteko lanean jarraitu behar" dela. Plan sektorialaren beharra azpimarratu du.
Equo Berdeak alderdiak, bestalde, Labraza eta Azazetako proiektuak ere bertan behera uztea eskatu du, kokalekuei desegoki iritzirik: "Energia berriztagarriak hedatzeko beste espazio alternatibo batzuk daude, kokapen horiek aukeratzea ulertezina eta onartezina da. Eremu horietan landa, natura, historia, kultura eta paisaia ondareak duen eragina hain da handia".