argia.eus
INPRIMATU
Arabako zahar egoitzek lehen hitzarmen propioa lortu dute sei urteko borrokaren ostean
  • ELA sindikatuak iragarri du aurreakordioa sinatu duela patronalarekin. Sei urtez aritu dira Arabako zahar etxe pribatuetako langileak lan baldintza hobeak eskatzen eta ia 60 greba egun egin dituzte, ELA eta LAB sindikatuek babestuta. Espainiako Estatuaren itunpetik atera eta lehen aldiz lurralde mailako hitzarmena lotzea lortu du ELAk. Lau urteko epean soldata %32,5 igotzea adostu dute. LABek harriduraz hartu du ELAk hitzarmena iragarri izana, “langileekin eta LABekin duen elkarlana errespetatu gabe”. Hitzarmenerako proposamenean lortutakoak ontzat eman ditu, baina abenduaren 16ko mahai negoziatzailean "zalantzak sortzen dizkien" eduki batzuen alde borrokatuko dute. ELAko langileek, ostiralez, batzarrean ontzat eman dute sindikatuak egindako aurreakordioa.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2025eko abenduaren 12a
LAB eta ELAk sei urtez borrokatu dute Arabako hitzarmen propioa eskuratzeko. LAB

Orain arte Arabako zahar egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek Espainiako Estatuko hitzarmenaren pean egin dute behar. ELAk adierazi du, horren ondorioz, lan baldintzak “prekarioak” zirela. Lehen aldiz, langileek lortu dute lurralde mailako itun bat adostea patronalarekin, eta lan baldintzak hobetuko dituzte.

Soldata igoera esanguratsua

Soldata igoera azpimarratu du ELA sindikatuak. Hitzarmenak 2025etik 2028ra arteko indarraldia izango du, eta epe horretan, soldata %32,5 igoko zaie langileei. 2028an 1.500 euro jasoko dituzte, orduko prezioa %40,5 igoko da. Bestelako hobekuntza batzuk ere zerrendatu ditu sindikatuak: lau urtean ehun orduko lanaldi-murrizketa izango dute; norberaren aukerako lau egunei eutsiko diete; asteburuetan atsedenaldi gehiago izango dituzte; ordu osagarriak finkatzeko klausulak; hitzarmena blindatuko dute (ultraaktibitatea eta inplikazioa); eta neurriak hartuko dira berdintasunean, LGTB gaietan eta euskaran.

Sektoreak sei urte zeramatzan lan baldintzak hobetzeko borrokan eta ia 60 greba egun egin dituzte langileek. Lan baldintzak hobetzeaz gain, sindikatuak nabarmendu du zaintza eredua aldatzea dela helburua. Zaintza erdigunean ez dagoela, eta errentagarritasun ekonomikoak lehentasuna duela salatu dute, zahar etxeen kudeaketa pribatizatzeko grina dagoela. Aurreakordioa aurrerapausotzat jo du ELAk, baina eredua aldatzeko ez dela nahikoa ohartarazi du. Publifikazioaren alde egin du, eredu hori delako bidea langileen lan baldintzak eta egoiliarren arreta hobetzeko.

ELAk gizartearen inplikazioa eskertu du eta gatazka konpontzeko gakoetako bat izan dela aitortu du. EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos alderdi politikoei aipamen berezia egin die, “gatazkaren konponbidea agenda politikoetan sartu dutelako”. Elkarrekin-Podemos alderdiak Arabako 2026ko aurrekontuaz negoziatzeko marra gorritzat jarri zuen egoitzetako gatazka konpontzea. Akordioaren berriaren ondoren, alderdiak adierazi du aurrekontuei ezarritako osoko zuzenketa atzera bota duela.

LABen harridura

LABek harridura adierazi du ELAk jada akordioa iragarri duelako, “langileekin eta LABekin duen elkarlana errespetatu gabe”. Abenduaren 12an, ostiralez, ordezkarien batzarra egin du patronalaren proposamena baloratzeko. Balorazio positiboa egin dute, baina azaldu du proposamenean zalantzak sortzen dizkien edukiak daudela eta haien alde egingo dutela abendauren 16ko mahai negoziatzailean. Klausula bat zalantzagarritzat jo du sindikatuak, bere ustez ez du bermatzen "orain arte enpresetan lortutako hobekuntzei eustea, eta kolokan uzten ditu lan berme batzuk": beraz, eduki hori berraztertzeko proposamena eramango du

. LABek aldarrikatu du sei urteotako borrokan mahai negoziatzailean eta kalean langileen lan baldintzak defendatu dituela eta “ezinbesteko agentea” izan dela.

ELAk, berriz, aurreikusi du abenduaren 16an sinatuko duela akordioa.