Arabako kudeaketa ustelaren mapa kaleratu du Adi! elkarteak

  • Hiriko, De Miguel, San Antonio, Ensanche 21, KREA, FCC, SWAP… Ez, Araban ez gara ustelkeriaz libratzen. Asko dira herrialdeko ustelkeria kasuak eta ADI! Elkarteak egindako mapa batetik tiraka, 12 kasu ezberdin aztertu ditugu artikulu honetan, hitz gutxitan eta modu eskematikoan bada ere. PP, PSOE, EAJ, Arabako Aldundia, Gasteizko Udala edo Kutxabank dira seinalatutako instituzioetako batzuk.

Hala Bedi @halabedi
2018ko urtarrilaren 29a
Adi! elkarteak argitaratu berri duen Arabako ustelkeriaren mapa.
Epsilon/Hiriko

Aurrera atera ez zen F-1 taldea sortzeko proiektuak 46 milioi €-ko galerak utzi zituen funts publikoetan. Hiriko auto elektrikoa egiteko proiektuak 14,7 milioi euro xahutu zituen diru-laguntza publikoetan, nahiz eta kotxearen proiektua martxan ez jarri. Diru gehiena Espainiako Gobernuak eman zuen, PSOEren eta EAJren arteko aurrekontu akordioei jarraituz.

Afyapaida elkartearen porrota okertzea egotzi zitzaien elkarteko buruzagiei eta hala erakutsi zuen epaiak: Jesus Etxabe enpresaburua, Iñigo Antia EAJko zinegotzi ohia, Jose Luis Bengoetxea Jolben bitxi saltokiko jabea, eta Fernando Atxaerandio higiezin sektoreko sustatzailea zigortu zituen. Salatuta zeuden enpresen artean soilik Circuito del Norte zigortu zuen, akusatuei lotutako sozietatea.

Errudun jo zituen arren, epaileak ez zituen onartu fiskaltzaren eta estatuko abokatuaren eskaerak. Bi akusazio horiek Hiriko sustatzeko jaso zituzten dirulaguntza guztiak bueltatzea exijitu zuten. Epailea, aldiz, administrazio konkurtsalaren tesiarekin bat egin zuen, eta administratzaileek egindako kalkuluan oinarritu zuen kalte ekonomikoa eta bueltatu beharreko dirua. 535.000 euro dira, hain zuzen ere, Afypaidak Epsilonen auto-lasterketerako ibilgailu bat erosteko gastatu zuten dirua. Hau da merkatal-auzibideak eman duena orain arte. Hiriko auziaren epaiketa penala datozen hilabeteetan burutuko da pertsonaia berberekin aulkian. Hala ere, ez dago porrotaren erantzule politikorik.

PSOEren egoitzak

Ustelkeria ez da Gasteizen geratu. Agurain, Bastida, Laguardia, Laudio eta Ribabellosako PSOEren egoitzetan diru publikoz ordaindutako obretako gainkostuak edo burutu ez ziren lanak kobratzea ikertu zuen Arabako fiskaltzak salaketa anonimo baten ondorioz. Azkenean, 2016an, kasua artxibatzea erabaki zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak froga nahikorik ez zegoelako fakturatu ziren obrak egin ez zirenarena, nahiz eta artxibatzeko agindu horretan epaiak onartu fakturak obrak egin aurretik ordaindu zitzaizkiola eraikuntza enpresa zehatz bati.

Arduradun nagusietako bat Txarli Prieto –eta bere eraikuntza enpresa (Escoiba)– izango litzateke. Prieto, Arabako PSOEko idazkari nagusia izan zen 2005 eta 2014 bitartean. Gasteizko alkatea izandako Patxi Lazcoz sozialista fiskaltzarekin kolaboratzeko prest agertu zen orduan.

Ihurreko depositoa

Kasu ezezagunetarikoa da hau, baina PP eta Gasteizko Udala ziprizten ditu ustelkeria kasu honek. Gasteizko Ihurre kontzejuko ekaitz biltegiak 8 milioi €-ko inbertsio publikoa izan zuen, Alfonso Alonsoren legegintzaldian bultzatuta. Espainiako Sare Elektrikoak ilegala zela ohartarazi zuen arren –goi-tentsioko linea azpian dago–, hau eraikitzen jarraitu zuen, ohartarazpenei jaramonik egin gabe. Oraindik ere, depositu honi ez zaio inoiz erabilerarik eman: ilegala izateaz gain, teknikoki ez dago eraikita. Are gehiago, ura bildu ezin duen deposito bat da.

Ensanche 21

Errekaleor, Gasteizko Alde Zaharrean gazteei bideratutako bloke hutsak… Hauen kudeaketa txarra egiteagatik egin da ezagunagoa Ensanche 21 Zabalgunea azkenaldian. Baina horren aurretik, garapen urbanistikoaz arduratu beharko litzatekeen udal erakunde publiko honek lurrak erosi zituen 2006an 21 milioi euroren truke. Metro karratua 45 eurotan ordaindu zuen, nahiz eta batez besteko balioa 30 aldiz txikiagoa izan orduan: 1,5 euro (nekazal lurrak ziren). 

Gaur egun, 20 milioi euroko zor aitortua dauka elkarteak eta arduradun nagusia Gorka Urtaran Gasteizko alkatea da.

San Antonio kaleko alokairua

San Antonio kalean kokatzen diren aipatutako lokalak 2007an erosi zituen Gonzalo Antonek 2,7 milioi euroren truke eta Udalak harekin hitzartu zuen alokairu kontratuak 7,6 miloi euroko kostua izan zuen, Alfonso Alonso alkate zela eta Javier Maroto Ogasun zinegotzia zela. Bertara inoiz eraman ez zen Turismo bulegoa eta beste zenbait udal-zerbitzu bertan instalatzeko aitzakiarekin, Gonzalo Anton enpresari arabarraren lokal horiek alokatu zituen Udalak, hogei urterako. Udalaren poltsikotik irten zen bulegoak berritzeko erabilitako dirua eta, gainera, kontratua ez eteteko hainbat klausula ere sinatu zituzten.

Maroto eta Alfonso Alonso auzipetu zituzten, azken hau Gasteizko alkate zenean kontratu publiko batekin iruzurra egiteagatik. Hasiera batean, 393.862 euro ordaintzera zigortu zituzten, baina Estatuko Kontu Auzitegiak biak absolbitu zituen azkenean.

Gorka Urtaran alkateak nahiz eta behin baino gehiagotan adierazi Gasteizko Udalak bide legal guztiak erabiliko zituela auzia argitzeko, azkenean ez zuen Auzitegi Gorenean helegiterik aurkeztu San Antonio auziko epaiaren kontra. Helegitea aurkezteko epea iraungitzen utzi zuen, Udaleko zerbitzu juridikoen aburuz ez zegoelako haratago joateko bide legalik. Adi! elkarteak, ordea,  frogatu zuen oraindik bazegoela modua prozedura judizialean aurrera egiteko.

 

FCC

PP eta Gasteizko Udala jopuntuan, beste behin ere. Urteek aurrera egin ahala, zenbait hutsune argitu gabe daude oraindik. PPren diru beltzarekin lotutako B kutxari aportazioak egin zizkion enpresa honek garbiketa kontratua berritu du behin eta berriz Gasteizko Udalarekin, EAJ agintean egon edo PP egon. 2006ko esleipenean azaleratutako zenbait irregultartasun ez dira oraindik argitu.

Adi! Elkarteak honen inguruko analisia egin zuen. Gainera, orain dela gutxi jakin zen bezala, baliteke Urtaranek 37.000 euroko gainkostua ordaindu izana FCC enpresari Gardelegi zabortegiagatik.

Krea

Krea eraikina kulturaren eta artearen gune izatera zegoen bideratua hasiera batean. Caja Vitalen esku utzi zuen Udalak Betoñoko konbentu zaharra, proiektua aurrera ateratzeko. Inbertsio handiak egin ondoren, ordea, egun abandonatuta dago. Hasierako proiektua alde batera utzi eta INTL Campus proiektuarekin dirudunentzat ‘unibertsitate’  amerikar pribatua ezarri nahi izan zuten Krean, homologatu gabeko zenbait ikastaro emateko. 

EH Bilduk apirilean jarri zuen Gasteizko Udalaren kontrako salaketa, hasierako proiektua baztertzean Krea eraikina Udalaren ondarera ez itzultzeagatik, Caja Vitalekin adostu bezala.

Utzikeria hura salatzeko, Irantzu Lekue artistak ekintza egin zuen eraikinean eta Kutxabankek bertan egindako performanceagatik salaketa jarri zion. “Instituzioek 18 milioi euro gastatu dituzte eraikin hau konpontzen, eta orain abandonatu egin dute eta ahaztua izan da. Bitartean, artistok baldintza oso txarretan egin behar dugu lan, eta ez dugu ia laguntzarik ezta espaziorik”, adierazi zuen Lekuek protestaren ostean. “Rangoli” bat margotu zuen eraikinaren kanpoaldean artistak, eta Udaltzaingoak handik desalojatu zuen. Ostean, Kutxabankek salaketa erretiratu zion. Bitxikeria moduan esan, desagertutako Caja Vital kutxaren ondare guztia Kutxabank-en esku geratu zela, Estadio, Casa del Cordón delakoa eta Krea+Sancho el Sabio artxibategia izan ezik. Guztia horiek Vital Fundazioaren ondarea dira eta ez bankuarenak. Hortaz, Kutxa bankuek ezin zuen arabar artista salatu.

AHT

Obra publiko erraldoiek lotura zuzena izan ohi dute ustelkeriarekin, eta AHT ez da libratu Araban. Gasteizetik atera eta Arratzua-Ubarrundiako herrira joanda, 2,2 milioi €-ko gainkostua atzeman zuen Estatuko kontu epaitegiak bertako AHT-ren obretan. Gainkostua nahita egina dela ebatzi eta justiziaren esku geratu zen ikerketa.

SWAP

8,8 milioi € galdu ditu Arabako Aldundiak obra publikoetan swap edo arriskudun finantza produktuengatik. Javier De Andres popularrak kontratatu zuen lehena 2006.urtean. Baina EAJk ere beste lau kontratatu zituen 2010ean eta 2012an PPk beste bat kontratatu zuen. 2012. urterako jakina zen produktu finantziero hori kaltegarria zela zeharo garestitzen zuelako inbertsioa eta hala ere kontratatu egin zen.

Arabako lanak

PP, EAJ eta Arabako Aldundia egongo lirateke ustelkeria kasu honetan. Kontratu publikoak nahieran eta modu zuzenean esleitzea leporatu zioten PP buru zuen Arabako Foru Aldundiari. Zehazki, instituzio honek kudeatzen duen Arabako Lanak izeneko sozietate publikoari. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak salatu zuen hau, diru kontuen auditoria egiteko eskatuz Aldundiari. Arabako Fiskaltzak Xabier Agirreren (EAJ) garaian egindako hiru kontratu publiko susmagarri ikertzen ari da.

AP-1

Autopista hau mantentzeko Arabako Aldundiak Bidelan enpresarekin sinaturiko kontratuan prebarikazioa eta funts publikoen bidegabeko erabilera salatu zituen EH Bilduk eta tramitera onartu zuen Arabako Fiskaltzak.

Lan beragatik bi aldiz ordaintzea eta 3 milioi €-ko gainkostua bere gain hartzea ekarri du kontratuak. Afera azaleratu eta salatu ostean, kontratuari uko egin zion Bidelan enpresak

De Miguel auzia

‘De Miguel auziaren’ epaiketa urtarrilaren 8an hasi zen da Arabako Probintzia Auzitegian. Denera, 26 lagun daude auzipetuta, guztiak Arabako EAJko alderdikide ohiak, tartean, De Miguel bera, Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu ohia; Aitor Telleria ABBko kide ohia eta Koldo Otxandiano Arabako burukide eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa. Orotara, 450 urte baino gehiagoko kartzela zigorrak eskatu ditu fiskalak; De Miguelentzat 54 urte eta 9 hilabetekoa, eta legez kanpoko komisioak kobratzea, kapitalak zuritzea eta eragin-trafikoa leporatzen dizkiote, besteak beste. 

 

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta

Kanal hauetan artxibatua: Ustelkeria  |  Araba

Ustelkeria kanaletik interesatuko zaizu...
2018-02-23 | ARGIA
"Angula ustelak" Ainhoa Intxaurrandietaren hitzaldia
MULTIMEDIA - solasaldia

Gipuzkoa Zutik mugimenduak Euskal Herri osoan antolatu dituen "Angula ustelak" lehen hitzaldia osorik, Hernaniko Biteri Kultur Etxean. 2018ko otsailaren 1aan. Aurkezlea: Hernaniko Zero Zabor taldeko Pello Zubiria.


2018-02-22 | Jon Torner Zabala
Kirol apustuak: Iruzur arriskurik handiena, tenisean eta maila apaleko futbolean

Espainiako 2.B eta 3. mailako futbol partidetako iruzurren auziak berriro piztu du kirolaren eta ustelkeriaren arteko loturari buruzko eztabaida. 


Mario Fernándezek Repsol utzi du, epaileek behartuta

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Kutxabanken presidente ohiaren kontrako epaia, diruaz bidegabe jabetzeagatik eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio. Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari ohiaren eta Rafael Alcorta abokatuaren kontrako urtebeteko eta sei hilabeteko kartzela zigorrak ere berretsi ditu auzitegiak.


2018-02-20 | ARGIA
"Angula Ustelak" bira Intxaurrandieta eta Errazkinen aurkako epaiketa salatzeko

Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kasua jendarteratzeko Euskal Herriko 35 herritan hitzaldiak antolatu dituzte, Gipuzkoa Zutiken izenean prentsara bidalitako oharrean jakinarazi dutenez.


Ongarri kimikoetan ere kutsatzaileak kutsadura kontrolatzen: Tejerina ministro espainiarraren kasua

Europako nekazaritza industrialak ongarri kimikoekin gehiegi kutsatzen duela eta Europako Batzordea hasi denean fosfatoek daramatzaten metal astunak mugatu nahian, Espainia atera da kontra. Kasualitatea? Ez dirudi: kutsaduraren kontrolak arazoak sortuko lizkiokeen Fertiberia industriaren buruetako bat da Isabel Garcia Tejerina nekazaritza ministroa.


2018-02-15 | ARGIA
UPNk errieta Alliri, Espainiako Kongresuko saioen %18ra huts egin ostean: "Ez dadila errepikatu"

UPN isilik egon da Alli auziari buruz, baina azkenean, kazetarien galderei erantzunez, ostegun honetan hitz egin behar izan du Javier Esparza alderdiko buruak: diputatuaren jarrera ez zaiola gustatzen adierazi du eta hala jakinarazi zaiola berari ere.


Lizarrako kirol hiria: inoiz egin gabeko proiektuak 14 milioi euroko zuloa utzi dezake

Lizarran duela urte batzuk kirol instalazio bat eraikitzeko operazio urbanistikoak kiebrara eraman dezake udalerria, egungo alkate Koldo Leozen (EH Bildu) arabera. Nafarroako Kontuen Ganberak kaleratu berri duen txostenak susmo horiek baieztatu baizik ez ditu egin.


2018-02-07 | ARGIA
"De Miguel" auziko tribunalak erabaki du Miren Azkaratek ez duela deklaratu beharrik

Komisio ilegalak kobratzea leporatuta Arabako EAJko goi-kargu ugari zipriztintzen dituen "De Miguel" auzian Miren Azkaratek deklaratu dezala eskatu zuen akusatuetako baten abokatuak, garai hartan Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu zela eta epaitzen ari diren kontratuak sail horri lotuta daudela argudiatuta. Arabako Auzitegiko tribunalak, ordea, ez du beharrezkotzat jo Azkaratek deklaratzea.


AEBetako Poliziak hainbat hildakoren eskuetan jostailuzko pistolak ipini dituela frogatu dute

Baltimoreko Gun Trace Task Force Poliziaren elite taldeko zortzi kide epaitzen ari dira ustelkeria egotzita. Epaiketak agerian utzi du polizia askoren maukapeko estrategia: gezurretazko pistolak eramaten zituzten aldean, ondoren pertsona errugabeei ipintzeko. Horrela, poliziek norbaiti tiro eginez gero, euren burua zuritzen zuten pertsona armatua zela esanez.


2018-01-28 | Juan Mari Arregi
Euskal Herrian ere ba al da "koskadarik"?

Egunotan hiru gertaera judizialek bat egin dute “koskadekin” edo obra publikorako kontratatzen ziren enpresei kobratutako komisio ilegalekin zerikusia dutenak.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude