argia.eus
INPRIMATU
Arabako ospitaletako komunen irisgarritasun falta salatu du Eginaren Eginez elkarteak
  • Elkarteko Elena Avalosek salatu du aulki gurpildunarekin komunera sartzea oztopatzea, pertsona desgaituen eskubideen, autonomiaren eta duintasunaren kontra doala.

Olaia L. Garaialde 2025eko otsailaren 28a

Urteak daramatza Eginaren Eginez elkarteak pertsona desgaitu fisikoen eskubideen, autonomiaren eta independentziaren alde borrokan. Eta aspalditik salatzen dute Arabako ospitaleak ez direla irisgarriak. Izan ere, ospitaletako gela askotan ez dago lekurik aulki gurpildunarekin ohetik komunera joan, eta barrura sartzeko. “Ospitalera sartzen diren momentutik, esfinterra kontrolatzeko arazorik ez izan arren, fardela jartzen diete”, salatu du Elena Avalos gizarte langileak.

1997ko abenduan onartu zen EAEn Irisgarritasuna Sustatzeko Legea. Xedea zen hiri-ingurunearen, espazio publikoen, eraikinen, garraiabideen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasuna bermatzea eta pertsona guztiek eta bereziki desgaituak diren pertsonek autonomiaz erabiltzea eta gozatzea. Avalosek azaldu duenez, lau legealdi negoziatzen ibili behar izan zuten legea onartzeko. Azpimarratu du irisgarritasun faltak urte luzez borrokatu dituzten eskubideak eta legea urratzen dituela: “Pertsona desgaituen duintasunaren kontra doa. Horrez gain, autonomia kentzen die”.

Gaineratu du berdintasuna sustatu ezean, oztopoak jarri, eta menpekotasuna sustatzen duela Osakidetzak: “Ingurua irisgarria ez izateak sortzen du desgaitasuna, eta ez norberaren egoerak. Gainera, jendearen frustrazioa handitzen du, etengabe laguntza eskatu behar dutelako”.

“Ospitalera sartzen diren momentutik, esfinterra kontrolatzeko arazorik ez izan arren, fardela jartzen diete”

Kalitatezko arretarako premia

Arreta ginekologikoa jasotzeko ere oztopoak jartzen dituztela dio, eta adibidetzat Salburuako osasun zentroa aipatu du. Arreta ginekologikorako erreferentziazko zentro bat da pertsona askorentzat Gasteizen: “Korridorea zabala da, baina kontsultak oso estuak dira eta miaketa egiteko gelan ez dago deusetarako lekurik”. Horrelako azpiegiturak aniztasuna kontuan hartu eta herritarren beharretara moldatu behar direla dio: “Batzuei ez diete azterketa ginekologikorik egiten uste dutelako errua emakume horiena dela”.

Horrez gain, elkarteko kideek salatu dute ez dituztela pertsona desgaitu fisikoak kontuan hartu EAEko Osasun Itunaren Mahaian. Horregatik, Osakidetzari eskatu diote “kalitatezko” osasun arreta “segurua” bermatzeko: irisgarritasuna probak egiteko eta arreta arlo guztietan.