Maskaraba topaketetan Arabako landa inauterietako mozorroak batuko dira Kanpezun; tradizio herrikoiak zaindu, biziberritu eta partekatzeko asmoarekin. Urriaren 25ean izango da Maskarabaren bigarren edizioa. Aurreko urtean ospatu zen jaia lehen aldiz, orduan Zalduondo izan zen topalekua.
Maskaraba Arabako Landa Inauterien Kultur Elkartearen (AHIK) ekimenez sortu zen, Arabako hainbat herritan ospatzen diren landa-inauterietako pertsonaiak, erritualak, maskarak, ekitaldiak.... batzeko. Horrela, kultura-adierazpen horiek ikusarazi, haien ezagutza sustatu, belaunaldi gazteenak inplikatu eta herriak batzeko jai-gunea sortu nahi izan da.
Lehenengo edizioa Zalduondon egin zen 2024ko azaroaren 16an, eta bertan Salcedo, Ilarduia, Egino eta Andoin, Kanpezu, Kuartango, Zalduondo, Oion eta Guardiako taldeak bildu ziren.
Jardunaldia urriaren 25ean izango da, Kanpezun, eta programa zabala antolatu dute: kalejirak, hitzaldiak, kontzertuak... Arabako hainbat inauterietatik aparte Eltziegoko Katximorro eta bere dantzariak ere bertan izango dira. Arabako taldeez gain, Luzongo (Guadalajara) Deabruak eta Maskaritak izango dira talde gonbidatu gisa.
Jarduerei dagokienez, haurrei zuzendutako ekintzak izango dira hainbat txokotan eta, gainera, bertaratzen diren guztiek taldeetako kideekin batera bazkaltzeko aukera izango dute. Aurrez egongo dira salgai herri bazkariko txartelak. Horretarako, antolakuntzarekin harremanetan jarri behar da sare sozialen bidez (@mask.araba Instagramen edo Maskaraba Facebooken).