Arabako Foru Aldundiko Deskarbonizazio zuzendariak aurretiko baimena eman dio Green Capital Energy enpresari, Larragorrin kokatu nahi duen zentral eolikoak aurrera egin dezan. Gauzak horrela, Orozko, Laudioko eta Amurrioko Udalek izango dute azken hitza.
Arabako Foru Aldundiak uztailaren 2an jakinarazi zuen, Eusko Jaurlaritzak egin bezala, aurretiko baimena eman diola Larragorriko zentral eolikoari. Erabakia garrantzitsua da Foru erakundeak ontzat eman dituelako Green Capital Energyren argudio eta neurri guztiak eta aurkeztutako alegazio guztiak baztertu dituelako. Edonola ere, ez da prozesuaren amaiera.
Izan ere, hemendik aurrera presioa Orozko, Laudio eta Amurrioko Udalen gain egongo da. Orozkoko lurraldeak lau aerosorgailu jasoko lituzke eta Laudiokoak bat. Amurrion, aldiz, errotek (200 metroko altuerakoek) behar dituzten bestelako azpiegiturak eraiki nahi dituzte.
Hirigintza araudiarekin bateraezina, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformaren iritziz
Foru Aldundiaren komunikazioaren arabera, Green Capital Energyk espero du baimen guztiak lortzea Plan Berezia osatzean, baina Aiaraldeko Mendiak Bizirikek salatu du, berez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) aldatu ezean, Larragorriko zentral eolikoak hirigintza araudiak urratzen dituela Orozkon zein Laudion.
"Bost aerosorgailuek okupatzen dituzten lursailak paisaiaren babes bereziko eremuak dira, hortaz, ezin da bertan eraiki", aipatu du plataformak.
Horri gehitu behar zaio Orozkoko Udalak berak adierazi duena behin baino gehiagotan, hau da, egitasmo energetikoak ez duela legedia betetzen. "Ezin dugu lizentzia hori eman, HAPOren kontrakoa delako. Bizkaiko Foru Aldundiaren ondorioa bera izan da", azaldu zion Aingeru Olaguenaga Iza zinegotziak Aiaraldea Komunikabideari.