argia.eus
INPRIMATU
Arabako Errioxako ardoak sor-marka propioa izateko pausua eman dute
  • Arabako Mahastiak sor-markaren eskaera argitaratu du Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE). Arabako Errioxako Upategien Elkartearen (ABRA) arabera, ekimenari legezkotasuna eta sendotasuna ematen dio argitarapenak. Errioxako Kontseilu Erregulatzaileak emandako pausua kritikatu du.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 29a

BOEak urtarrilaren 28an argitaratu du Arabako Mahastiak sor-markaren eskaera. Eskaerak Europako Parlamentuaren zein Kontseiluaren legeak betetzen dituela zehazten du BOEak. Bi hilabeteko epea dago orain helegiteak aurkezteko.

ABRAko zuzendari Inés Baigorri pozik agertu da urrats berriarekin. BOEko argitarapenak Arabako Mahastiak jatorri izenari "ikuspegi zabaleko proiektua izateko beharrezko duen legezkotasuna" ematen diola adierazi dio Arabako Errioxako blogari. Ekimena eskualde osoari irekia dagoela azpimarratu du.

Arabako Aldundiak babesten du Arabako Errioxako ardoek marka propioa izatea, baina Errioxako sor-markaren barnean. Errioxako Kontseilu Erregulatzailetik urratsa kritikatu dute. ABRAk Kontseiluaren barnean ahots propioa badu ere bertan ez duela ezer jakinarazi adierazi dute, 2017an hartutako neurrien alde eginez (2016an abiatu zuten Arabako Errioxako ardo ekoizleek sor-marka propioaren aldeko ekimena, eta tentsio ugari sortu ziren. 2017an Kontseiluak eremu geografikoei ikusgarritasun handiagoa emateko zenbait neurri onartu zituen). Baigorrik adierazi du Arabako Mahastiak sor-marka beste proposamen batzuekin osagarria izan daitekeela: “Jarrera irekia izan behar dugu. Guztiak dira aukerak. Ez diegu arazoei irtenbide bakarra eman behar".