argia.eus
INPRIMATU
Arabako Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei arreta murriztu diela salatu du ESK-k
  • Lanpostuak, emakumeak artatzeko egonaldi ertaineko harrera zerbitzua eta aurrekontua murriztu ditu Aldundiak.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 24a
CARME zerbitzuko langileen agerraldia. ESK Sindikatua.

Joan den astean CARMEko (egonaldi ertaineko zentroa) langileek arreta zerbitzuaren egoera salatu zuten Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoitza aurrean, Gasteizen. Langileek indarkeria matxista pairatu duten emakumeen arretan "murrizketa basatiak" salatu dituzte. Hori dela eta, agerraldia egin zuten astelehenean Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoitza aitzinean. 2023tik CARMEn plaza bat kendu dute, zazpi familiei arreta eskaintzetik sei familietara. Aurrekontua %30ean murriztu dute 2025erako Batzar Nagusiak aurreikusita zuenarekin konparatuz, eta zazpi langile kaleratuko dituzte, pertsonalaren %38a. Horrek zerbitzua "erabat prekarizatuko" duela eta "kalitatezko laguntza" emateko aukerarik gabe utziko duela salatu dute langileek.

Xilema Fundazioak kudeatzen duen eta Arabako Foru Aldundiaren menpe dagoen zerbitzua da. Azken horrek kontratazio prozesu bat abiatu zuen murrizketekin batera. Ekainaren 30era arte daukate enpresek aldundiaren kontrataziora aurkezteko epea, baina egoera dela eta, inor ez dela aurkeztuko aurreikusten dute langileek. Modu berean, langileek Xilemari ez aurkeztea eskatu diote, horrela, hutsik geratzekotan kontratazioan "presio neurri gehigarria" egongo litzatekeelako.

Adierazpen instituzionala

Gorka Urtaran Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken diputatuak sailak adierazpen "faltsuak eta manipulatutako" informazioa zabaldu duela salatu dute: "Langileak birkokatu egingo dituztela diote, hori aldundiaren esku ez dagoenean". Ekainaren 5ean Urtaranekin bilera bat eskatu zuten eta gaur egunera arte ez dute erantzunik jaso. Egoeraren aurrean, ESK sindikatuak "kontratazio errekurtso berezi bat" erregistratu du, egungo baldintza "prekarioak" direla eta.

Uztailaren 2an Urtaranek egoeraren inguruko azalpenak emango ditu eta egun berean mobilizatuko dira langileak, hainbat sindikatu eta gizarte eragileen babesarekin. Plaza, baliabide eta arreta gehiago eta kalitatezkoa eskatuko dituzte.