Pixkanaka jendeak gero eta gehiago ezagutzen du boilurra, baina, gaur egun oraindik, trufa biltzaileak garela esatean txokolatezko trufa datorkio askori burura”. Ramon Barron Saenz de Lafuente arabarrak urteak daramatza boilur bilketan. Garai batean kanpoan, modu basatian, jaiotzen ziren boilurrak biltzen zituzten, baina duela hogei bat urte, onddo hori sortzeko egokiak diren landaketak egiten hasi ziren. Izan ere, zenbait zuhaitz espezieri zuzenean lotua dago boilurra, hala nola arteari, haritzari eta hurritzari. 2006an, Arabako Boilurra kooperatiba sortu zuten zenbait ekoizleren artean.
Lurrazpian jaiotzen den onddoa da boilurra. Batez ere kareharrizko lurretan ateratzen da, artearen eta haritzaren sustraien inguruan. “Zuhaitz mota horien landaketak ditugu, zuhaitza bera eta boilurra sinbiotikoak direlako”, azaldu du Barronek. Boilurraren kultura batez ere Kanpezu inguruan egon dela kontatu du, Lizarraldearekin muga egiten duten herrietan. Urte askoan, Kataluniatik jendea etortzen omen zen boilur basatien bilketa egitera, baina pixkanaka, jarduera profesionalizatzen hasi ziren eskualdean. Txakurrekin egiten dute bilketa, animaliok gai baitira lurrazpiko boilurrak usaintzeko.
Ekoizten dituzten boilurrak elkarrekin merkaturatzea da kooperatibaren helburu nagusietakoa, baina ez bakarra: formakuntzari eta jakintzaren partekatzeari begira ere antolatzen dituzte ekimenak urtean zehar. “Boilurrarena gutxi ikertu den alorra da, eta beraz, oso garrantzitsua da guretzat norberaren esperientziak besteekin partekatzea eta elkarrengandik ikastea”, dio ekoizleak. 40 ekoizle daude egun kooperatiban. Langile bat kontratatzen dute bilketa garaian, eta urte osorako administrazio langile bat ere badute.
Gainontzeko onddoak bezala, boilurra freskoan jateko elikagaia da, eta hori dela-eta, ekoizleak behartuta daude ahalik eta denbora tarte laburrenean merkaturatzera. “Zortzi egun iraun ditzake boilurrak. Bestela, lehortzeko edo izozteko aukera dago”, dio arabarrak. Kooperatiban, larunbat eta igandetan egiten dute bilketa, ekoizle bakoitzak bere lurretan. Ondoren, boilur guztia bateratu, sailkatu, eta astelehenerako, normalean guztia saltzen dute. “Hurbileko jatetxeei eta eraldatzaileei saltzen diegu zati bat, baina hemendik kanpo, mundu mailako handizkako merkatuan ere saltzen dugu beste bat”, adierazi du. Kooperatibaren webgunetik online erosteko aukera ere badago.
Ekoizleak dioenez, pixkanaka boilurraren kultura zabaltzen ari da gurean, nahiz eta beste zenbait herrialdetan duen sona oraindik ez izan. Sona horretan zerikusirik izanen du, ziur aski, boilurraren prezioak ere… Kontuak kontu, etorkizunera begira kezkatuak daudela azaldu du ekoizleak, aldaketa klimatikoak ekoizpenean eragin ditzakeen gorabeherengatik: “Hemen urte hau ona izan da, baina Teruelen, boilurraren lurraldea den horretan, oso txarra izan da, ez duelako ia euririk egin”.