Transgenikorik gabeko nezkazaritza eta abeltzaintza bultzatzeko eskaera egin dio Gasteizko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.
EH Bilduren legez besteko proposamenari batu zaio EAJ, eta bi alderdien botoekin Eusko Jaurlaritzari transgenikoen arrastoa eta eragina txikitzeko neurriak hartzeko eskaria egin diote.
Orain arte Europar Batasuna izan da transgenikoen inguruko erabakiak hartu dituena, baina estatuen esku utzi du horren eskumena. Iñaki Lazarobaster EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, Madrilgo Gobernuak transgenikoen erabateko babesa egin du beti. “Bada garaia Madrili mugak jarri eta gure lurraldea transgenikoetatik libre izendatzeko”.
2007an jada transgenikorik gabeko gune izendatu zuten EAE. Erabaki hori berresteko eskatu dute oraingoan parlamentariek.
Lau puntu barnebiltzen ditu Gasteizko Legebiltzarrak Jaurlaritzari egindako eskaerak:
1- Eska diezaiola Espainiako Gobernuari transgenikoen baimentze edo debeku erabakiak Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko
2- Transgenikoei alternatibak bilatzeko ikerketak abian jar ditzala
3- Transgenikorik gabeko pentsuen produkzioa bultzatu eta abeltzantzan transgenikorik gabeko elikagaien erabilpena sustatu dezala
4- Progresiboki, Eusko-Label produktuetan transgenikoetatik libre diren elikagaiak soilik erabiltzea bultzatzea