argia.eus
INPRIMATU
Araba Borrokan ekimena sortu dute, enpleguaren alde egiteko
  • Hainbat enpresa, sindikatu eta eragile sozialek Araba Borrokan ekimena sortu dute, "egungo egoera ekonomiko eta sozialari eremu lokalean erantzuteko helburuarekin".Apirilaren 11n egingo duten manifestazioaren berri ere eman dute aurkezpen ekitaldian.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 22a
Araba Borrokan ekimenak apirilaren 11ko manifestaziorako deia egin zuen atzo. (Argazkia: Gazteiraultza.info)

Eragile ugariren babesean jaio da Araba Borrokan ekimena, Gazteiraultza.info webguneak azaldu duen moduan: 60 bat langile batzordek;  CCOO, LAB, UGT, EILAS, HIRU, ESK, USO, CNT, CGT, SATSE, SAE eta SIPLA sindikatuek; eta Askapena, Elkartzen, Zazpigarren alaba auzo elkartea, Martxoaren 3a Elkartea, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Gazte Blokea eta beste hainbat gizarte eragilek egin dute bat oraingoz.

"Murrizketek, biztanleen parte hartzeari eginiko mesprezuak, langabetuen babesgabetasunak, Espainiako Gobernuaren dekretu eta erreformek... horiek guztiek ez dute gure erabakitzeko esparru propioa errespetatzen", diote ekimenaren sutatzaileek. "Biztanle guztiengan dute eragina, ez soilik gatazkan dauden langileengan, erregulazio espedientea aplikatu zaienengan edo lanik gabe daudenengan".

"Ez dugu beste plataforma batzuen edo sindikatuen lana ordezkatu nahi, eremu lokalean erantzun sendoa eman nahi dugu, ahalik eta modu bateratuenean".

Zentzu horretan, apirilaren 11n egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute. 19:00etan abiatuko dira Bilbo plazatik, krisiaren ondorioengatik protestan ari diren enpresei elkartasuna dierazteko.