Azpeitian zabaldu duten joko aretoaren aurkako dinamikaren barruan, elkarretaratzea deitu du Elkar-ekin mugimenduak abenduaren 15erako.
"Apustua ez dela errenta dio esaerak, baina gutxi batzuk errenta handiak pilatzen ari dira azkenaldian", diote elkarretaratzea deitzeko plazaratutako testuan: "Irabazi handien itzalean daude apustuetan dirua galtzen dutenak, enpresa hauek hainbeste diru irabazi izanak jendeak beste hainbeste galdu dituela esan nahi baitu. Prekarietatea eguneroko ogia den honetan, asko dira diru gehigarri baten bila apustuetara jotzen duten herritarrak". Elkar-ekin mugimenduak salatu du apustu etxeek "mendekotasuna sortzen duten teknikak" erabiltzen dituztela, “joko arduratsua” sustatzen dutela dioten bitartean. "Idatzi hau sinatzen dugun taldeok Azpeitian ez dugula apustu etxerik nahi aldarrikatzen dugu, eta bat egiten dugu abenduaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan, Balentina Agirre plazan izango den kontzentrazioarekin".
Elkarretaratzera deituz Ernaik egindako bideoa:
1.636 sinadura
Elkar-ekin kolektiboak hilabeteak daramatza joko aretoaren aurka borrokan. Beste zenbait egitasmoarekin batera, sinadura bilketa egin du Azpeitian. 1.636 bildu dituzte, eta pasa den astean aurkeztu zituzten aretoan bertan, Uztarriak plazaratutako argazkian ikus daitekeen moduan.