argia.eus
INPRIMATU
Apirilaren 14 eta 15ean banatuko dituzte maskarillak EAEn, garraio publiko kolektiboen geltokietan
  • Guztira 495.000 maskarilla dira EAEn zabalduko dituztenak. Babes zibileko boluntarioek egingo dute banaketa (Gurutze Gorria, DYA eta besta hainbatek).

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 13a

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi du nola banatuko dituen maskarillak. Apirilaren 14an eta 15ean garraio publiko kolektiboen gune nagusietan banatuko dizkiete maskarillak, "euren lantokira itzuliko diren pertsonei".

EAEko babes zibileko boluntarioek egingo dute banaketa eta guztira 495.000 maskarilla dira zabalduko dituztenak. Lurralde bakoitzeko biztanleriaren kopuruaren arabera eta aurreikusitako bidaiari-kopuruaren arabera erabaki du Jaurlaritzak leku bakoitzera zenbat maskarilla bideratu: 258.000 maskarilla banatuko dituzte Bizkaian, 162.000 Gipuzkoan eta 74.000 Araban.

Zehazki non banatuko dituzte?

Jaurlaritzak banaketa puntu hauen berri eman du:

EAEko Renfe-Aldiriko geltokietan

Gasteizen autobus-geltokietan, autobus-geralekuetan (Tuvisa, Arababus), Euskotrenen tranbia-geralekuetan eta ADIFen geltokian banatuko dituzte maskarillak.

Amurrion eta Laudion Euskotrenen geltokietan.

Gatzaga Buradon eta Gaubea herrietan.

Donostiako autobus-geltokian.

Bilboko autobus-geltokian, Bilboko Metroaren (L1-L2) eta Euskotrenen (L3, sare nagusia eta Topoa) geltokietan, eta autobus-operadoreen geralekuetan (Dbus, Bilbobus, Lurraldebus eta Bizkaibus).