argia.eus
INPRIMATU
Apirilaren 11 arte luzatu du konfinamendua Espainiako Kongresuak
  • Alarma Estaua luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak martxoaren 25ean, Gobernuak eskatu zion bezala. Talde guztiek bozkatu dute horren alde, baina abstenitu egin dira talde hauetako 28 diputatu: ERC, Bildu, JxCat eta CUP. Lehentasunezkoa ez den jarduera ekonomiko guztia gelditu ez izana salatu dute abstentzio horrekin.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 26a

350 diputatuetatik 306-k telematikoki eman dute boza, Parlamentura joatea saihesteko. Eztabaida goizeko 2:00 arte luzatu da eldiario.es hedabideak eginiko kronikaren arabera. Oposizioko taldeek Gobernuari leporatu diote pandemiari aurre egiten berandu ibili izana.

"Gelditu lehentasunezkoa ez den aktibitate osoa"

Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak oroitarazi zion Sánchezi "praktikoki zu Gobernuko presidente izatea ahalbidetu dugun alderdi guztiak ari gatzaizkizu eskatzen lehentasunezkoa ez den aktibitatea gelditzeko". Aizpuruak adierazi zuen "gutxirako balio duela" herritarrak beren etxeetan geratzea asteburutan, gero lanera joan behar duten pertsonaz gainezka badoaz garraioak. "Ez dugu gerrarako prestatu behar, bizitzarako baizik. Eta bizitza soilik defendatzen da gastu publikoa eginaz osasunean, hezkuntzan eta ikerkuntzan".

Lege dekretu ekonomikoak onartu dituzte eta informazioa emateko moduari buruzko ebazpena ere bai

Pandemiak ekarriko duen krisiari aurre egiteko neurri ekonomikoak planteatzen dituzten lege dekretuak onartu zituen Espainiako Gobernuak eta hauek eztabaidatu eta onartu ditu Diputatuen Kongresuak.

EAJk ebazpen-proposamen bat aurkeztu du, eta hori da onartu den bakarra, eldiario.es-ek emandako informazioaren arabera. Proposamen horretan zehazten da Gobernuak astero bidali behar duela hartutako neurrien gauzatze maila zehazten duen dokumentazio egituratua, eta eraginkortasunari buruzko balorazioa.