argia.eus
INPRIMATU
‘Apaiz kartzela’ eta egungo euskal elizaren hierarkia

Juan Mari Arregi 2022ko urtarrilaren 11

Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko beste hainbat lekutan  dokumental bat erakusten ari dira, Apaiz kartzela, 1968-1976 aldian Elizaren hierarkiak eta Espainiako Gobernu frankistak sortutako Zamorako konkordatu-kartzelari buruzkoa. Handik 60 apaiz diozesiar eta erlijioso inguru igaro ziren, gehienak euskaldunak. Beste hogei inguru erbestera joatera behartuak izan ginen.

Garai hartan euskal elizaren hierarkiako kide zirenak, salbuespenen bat izan ezik, jada ez daude. Euskal elizaren egungo hierarkiak, hala ere, hor  jarraitzen du beste pertsona batzuekin, eta ez litzateke serioa izango, haiek orduan buru izan ez zirenez, hierarkia hark –Vatikanoa barne– frankismoarekin, kapitalismoarekin, eta Euskal Herrian izandako errepresio sozial, laboral, politiko eta nazionalarekin izan zuen konplizitateaz erantzukizunez hitz egin nahi ez izatea.

Euskal Elizaren hierarkia, Espainiako Estatukoa eta Vatikanokoa bezala, ETAren biktimekin egon izan da, eta egoten jarraitzen du. Salbuespen txikiren bat izan ezik, ez da inoiz egon frankismoaren eta kapitalismoaren biktimen ondoan. Iraganeko garaiak direla esango dute. Antza, ez dira horrela ETAren biktimentzat, etengabe ikusten baititugu haiekiko oroigarriak eta eskakizunak, borroka armatua duela hamar urte amaitu zen arren.

Horregatik, euskal elizaren egungo hierarkek Apaiz Kartzela dokumentala ikustea eta ondorioak ateratzea ona litzateke. Egiaztatuko lukete urte haietan euskal apaiz talde batek eta Espainiako Estatuko beste batzuek errepresioa, torturak eta kartzela edo erbestea jasan zituztela, egoera salatzen zuten homiliengatik, gose-grebagatik eta hura salatzeagatik, parrokietako lokalak sindikatu eta talde politiko klandestinoei uzteagatik, adierazpen askatasunari tokia egiteagatik, Maiatzaren 1ean eta Aberri Egunean legez kanpoko manifestazioak egiteagatik, jazarriak eta larriki zaurituak izan ziren militanteentzako medikuak edo botikak bilatzeagatik, kasu batzuetan heriotza ere ekarri zuten torturen arriskuaren aurrean ihes egiten laguntzeagatik…

Euskal elizaren egungo hierarkiak, Apaiz kartzela ikusiz gero, torturatutako apaizen testigantzak ere egiazta litzake, Cirarda mosinorea bezalako gotzainen konplizitatearekin eginak. Cirardak, garai hartan Bizkaian zegoen apezpiku administratzaile apostolikoak, tortura basatiaren aztarnak konprobatzeko aukera izan zuen, baina nahiago izan zuen begiak estali eta beren apaiz batzuen gorputz more eta ubeldua ez ikusi.

Euskal elizaren egungo hierarkiak, 'Apaiz kartzela' ikusiz gero, torturatutako apaizen testigantzak ere egiazta litzake, Cirarda mosinorea bezalako gotzainen konplizitatearekin eginak

Izugarria da gogoratzea nola Cirardak begien aurrean izan zuen tortura, eta hari egindako ezikusia. Apaiz horietako batek, gure kide eta lagun Martin Orbek, Apaiz Kartzelan parte hartu zuen. 1969an atxilotu eta torturatu zuten, eta Basauriko espetxean zegoela, Cirarda bisitan joan zitzaion. Martin arropak eranzten hasi zen, bere torturen aztarnak ikus zitzan, eta Cirardak eragotzi egin zion. “Ez, mesedez, sinesten dizut”, esan zuen zinikoki gotzainak.

Aste batzuk geroago pastoral idazki batean, Cirardak zioen “zurrumurruak” zeudela atxilotuak torturatuak izan zirela. Eta esan zuen, zurrumurruak egia balira Elizak gaitzetsi egin beharko lituzkeela, baina bestela poliziaren eta agintari politiko frankisten ospea itzuli beharko litzatekeela. Hau lotsa!

Arrazoi horiengatik, sistema frankistak –Elizaren hierarkiaren konplizitatearekin– euskal apaiz talde hori torturatu eta kartzelara eta erbestera kondenatu bazuen, zer ez zuen egin ETAko militanteekin eta beste talde klandestino laiko batzuekin? Gure oraintsuko historiak milaka atxilotu, torturatu, bahitu eta hildakoren testigantzak eskaintzen ditu.

Euskal elizaren gaur egungo hierarkiak memoria historikoari mesede egingo lioke argi eta garbi aitortu eta salatuko balu eskubide sozialen, politikoen eta nazionalen aldeko borrokan herri honek jasan zuen egoera hori.