Apaiza biktimaren irakaslea zen Iruñeko Salestarretan 1970ean, gertaeren garaian. Produkturen batekin konortea galdu arazi eta orduan gauzatzen omen zituen abusuak. Biktimak salaketa aurkeztu du Iruñeko Artzapezpikutzan.
Manuel Ivorra Segura apaizak 1970. urtean sexu abusuak egin zizkiola salatu du Nafarroako herritar batek, Noticias de Navarra egunkariak jakinarazi duenez. Ivorra Fisika eta Kimika irakaslea zen Nafarroako hiriburuko salestarren ikasketa zentroan. Larunbatetan errefortzu klaseak eman zizkion aldi batez salaketa jarri duen herritarrari, biak bakarrik egoten ziren orduan. Klase horietan konortea galdu zuen salatzaileak zenbait alditan. Hirugarren edo laugarren aldian, esnatu eta mahai batean etzanda eta biluzik ikusi zuen bere burua, Ivorrak ukituak egiten zizkiola. Herritarrak uste du apaizak produkturen batekin intoxikatzen zuela konortea galdu zezan, abusuak gauzatu ahal izateko jarraian. Azken aldi horren hurrengo egunean utzi zuen eskola ikasleak, eta ordutik sekretupean mantendu zuen gertatutakoa. Orain bost urte jakinarazi zuen gertatutako lehen aldiz, bere emazte eta alabei kontatuta. Abusuak gertatu zirenean hemeretzi urte zituen salatzaileak; Ivorra hilik dago.
Erasotuak salaketa aurkeztu zuen Iruñeko Artzapezpikutzan iragan ostegunean. Noticias de Navarrari adierazi dionaren arabera, bikario judizialari eman zion gertatutakoaren berri. Bikarioak lekukotasunarekiko “interes eta inplikazio” gutxi erakutsi bazuen ere, azkenerako gertatua jasotzea lortu zuen eta salaketa salestarren zentrora helaraziko zuela jakinarazi zion bikarioak herritarrari. Salatzailea salestarren ikasketa zentroko arduradunarekin bildu da ere, eta salaketa aurkeztu ondoren ordena erlijioso horretako Madrileko buru baten deia jaso du. Hurrengo hastean batzartzekoak dira.
Azken hilabeteetan erlijio gizonek burututako hainbat sexu abusuren berri izan da Nafarroan, gutxienez bost zentro erlijiosoetan gertatutakoak.