argia.eus
INPRIMATU
AP-8 autobideko langileek 11 greba egun iragarri dituzte, ekainean eta uztailean
  • GESBISA enpresak egindako lanpostuen murrizketak eta lan baldintzetako aldaketak salatuko dituzte AP-8 autobideko langileek ekainean eta uztailean 11 eguneko greban.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 09a
AP-8ko langileen protesta bat 2022an. Argazkia: Durangon.com

AP-8 autobideko langileek 11 eguneko greba iragarri du ELAk. Ekainaren 16, 17, 18, 23, 24, 25, 29 eta 30ean eta uztailaren 1, 2 eta 3an izango dira greba egunak. GESBISA enpresak langile postuak murriztu eta lan baldintzak okertu izana salatuko dute, besteak beste. Negoziaketak "blokeo egoerean" daudela azpimarratu du sindikatuak, izan ere, 18 hilabetez geldirik dago negoziazio mahaia.

Bizkaiko Foru Aldundiak Interbiak sozietate publikoaren bidez azpikontratatutako zerbitzu publikoa da GESBISA. ELAren esanetan, negoziazioa blokeatuta egon arren Aldundiak ez dio bere erantzukizunari aurre egiten. Gainera, GESBISAk langileen aldarrikapenei erantzun ez izana egotzi dio sindikatuak. Hori dela eta, enpresa-batzordeak Aldundiari exijitu dio gatazka honetan enpresaren aldeko jarrera ez hartzeko.