argia.eus
INPRIMATU
Antzinako Egiptoko altxorrek egun ere dir-dir egiten dute
Jon Torner Zabala @jtorner 2002ko azaroaren 16a

Jon Torner jontorner@argia.eus Duela bi asteko El País egunkariko Ciberp@is gehigarrian honako izenburua zeraman erreportajea irakurri ahal izan genuen: "Egiptologoak eta sasi-zientzialariak 'Piramide Handiaren gudua' delakoan murgildu dira Interneten". Duela lau milatik gora urte altxatako eraikin faraonikoa eta teknologia berriak bat eginik. Pasa den hilean Gizah-ko Keops piramidean, Piramide Handia delakoan, National Geographic-ek bultzaturiko ikerketa batzuetatik abiatuta, monumentu erraldoi honen jatorri eta utilidadeari buruzko hipotesi desberdinak ditu hizpide erreportajeak. Zahi Hawass eta Mark Lehner bezalako adituen aski frogaturiko teoriak batetik, eta Robert Bauval edota Graham Hancock New Ager bien eta horien jarraitzaileen ideia "fantastikoak"k bestetik. Guk, gaurkoan, besteak beste erreportajean irakurritakoaren berri emango dizuegu, eta bisitaturiko web gune batzuk aipatuko ditugu, horietako asko interesgarriak direla uste dugu eta. Keops piramidea Piramide Handia Egiptoko iparraldean dagoen Gizah hiriko lurretan dago, Nilo ibaiaren ertzean, Alexandria eta Kairoren artean. 146 metroko altuera du, eta bere alboan bere "anaia txikiak" (Kefren -135 m- eta Mikerinos -62 m- piramideak), Esfinge Handia eta bere tenplua eta Tepheres-en (Keops faraoiaren ama) hilobia daude. Piramide erraldoi eta eder hau Keops faraoiak (IV. dinastiako bigarrenak) eraikiarazi zuen K.a. 2.600. urte inguruan, eta sarbide-galeria eta eguraste-kanal ugari eta hiru kamera ditu. Horietako batean erregearen gorpua gorde zuten, eta beste batean erreginarena. Argi asko dago beraz, piramideak Egiptok izan zituen faraoiek altxa zituztela eta euren funtzioa, azken finean, hilobi batek bete dezakeena zela. Dena den, hainbat "sasi-zientzialari" ez datoz bat ideia honekin, eta bestelako teoria batzuetan oinarritzen dira eraikin hauen misterioak azaltzeko. * National Geographic-ek Keops eta gainerako piramideen inguruko azalpen eta grafiko aberatsak eskaintzen ditu bere web gunean, "Egipto. Antzinako Munduaren sekretuak" izeneko atalean. Piramideak, hipotesi harrigarrienen iturri Esan bezala, makina bat urtetan zehar eginiko ikerketa guztiek aski garbi frogatu dute piramideak hilobi erraldoiak direla eta faraoiek edo, zuzenago esanda, horien menpe zeuden milaka lagunek altxa zituztela. Hori zalantzan jartzerik ez dagoela dioten egiptologo eta arkeologo profesionaletatik bi Zahi Hawass egiptiarra eta Mark Lehner estatubatuarra dira. Adituon hitzetan, piramideek oraindik argitu ez diren hainbat enigma gordetzen dituzte, baina entzuten diren hipotesi askok ez omen dute ez hanka ez bururik; guztiz faltsuak ei dira. Gainera, euren iritziz, ahalegin handia eskatu duten ikerketa garrantzitsu ugari manipulatu egin dituzte teoria fantastiko hauen bultzatzaileek, eta orain Internet darabilte beraien hipotesi sinesgaitzak aireratzeko. * PBS guneko "Pyramids" atalak Egiptoko historiari eta piramideei buruzko informazio interesgarri anitz biltzen du, tartean Mark Lehner eta Zahi Hawss adituei buruzko datuak. Gainera, Piramide Handian murgiltzeko aukera eskaintzen du; horretarako, Quick Time programa jaitsi beharra dago. Adituek eginiko ikerketak gezurtzat hartzen dituzten teorien artean denetarik aurki dezakegu: batzuentzat Gizah-ko piramideak Jainkoak sortu zituen, edo zibilizazio ezezagun batek; beste batzuentzat erreaktore termonuklearrak dira, edo biltegiak, edo izarretara iristeko ateak, edo basamortuko hondarrak aurrera egitea eragoztea helburu duten eraikinak edo... auskalo zer. Robert Bauval alexandriarra, Graham Hancock eskoziarra eta New Age mugimenduaren baitan koka daitezkeen beste zenbait lagun adibidez, alienazio astronomikoaren teoriaren alde agertzen dira. Alegia, izarrek jarri dutela Piramide Handia dagoen lekuan. * Bisita ezazue Graham Hancock-en web gune ofizialak Egiptori eskainitako atala. Antzinako Egiptok utzi dizkigun altxorren jatorri eta funtzioa zeintzuk diren frogaturik dagoen arren, beti izango da bestelako hipotesien alde egingo duenik. Orain arte hala izan da eta ziur hemendik hamar, ehun edo mila urtera ere berdin gertatuko dela. Izan ere, piramide, esfinge, tenplu eta gainerakoak gizakiak eraiki dituen monumentu harrigarrienetarikoak dira, eta denborak aurrera egin arren, eurenganako mirespenak bizirik iraungo du. Egun adibidez, Internet dugu horren erakusgarri, Egiptori buruz aurki ditzakegun milaka eta milaka orriek adierazten duten bezala. Guk horietako gutxi batzuk bildu ditugu hurrengo lerroetan: Bidaia piramideen bihotzera - "At the tomb of Tutankhamen". National Geographic-en web guneko atal honetan 1923an Maynard Owen Willians-ek eta bere kideek Tutankhamon-en hilobiaren barnealdera egindako espedizioa du oinarri, baina bestelako edukirik ere biltzen du, tartean antzinako Egiptori buruzko lotura interesgarriak. - Antzinako Egipto. Informazio ugari biltzen duen gune aberatsa, ingelesez. - Egiptologiaren Adiskideak. Gaztelaniazko gune benetan interesgarria. - Juansol.com. Gaztelaniazko orri pertsonala. Dirudienez, Juan Sol izeneko gizona Bauval eta Hancock-en jarraitzailea da. - Egypte Antique. Antzinako Egiptori buruzko gune ederra, frantsesez. - Egiptoko irudiak. Beste gune frantziar bat. - Egiptologoen Nazioarteko Elkartea - Menphis-eko (AEB) Arte eta Arkeologia Egiptiarraren Institutua.