Urriaren 4tik 19ra iraganen da Nafarroako arte eszeniko komunitarioen jaialdia Iruñean, nazioartekotza eta kritika soziala ardatz harturik.
Bazterketa sozialari aurre egin eta kolektibo zapalduak ahaldundu asmo dituen Tatrodix jaialdiak bere bosgarren edizioa ospatuko du urriaren 4tik 19ra, Iruñean. Hogei jarduera baino gehiago eskainiko ditu, hala nola, sormen laborategiak, mintzaldiak, tailerrak eta, bistan dena, antzerki emanaldiak.
Edizio berri horrek begirada nazioartean eta anitzetan tabu diren arazo sozialetan kokatuko du begirada. Gainera, aurten, mundu mailako antzerki sozial eta komunitarioaren adierazlerik handienetako biren partaidetza izanen du Teatrodixek. Batetik, Sangoy Ganguly indiarra, Jana Sanskriti zapalduen antzerkiaren zentroko zuzendaria, aurrez aurre izanen da Iruñean "zapalduen antzerkia" deritzonaren inguruko ikastaro intentsiboa eskaintzeko. Bestetik, Wajdi Mouwad libanoarra eta Pariseko Théâtre national de la Colline zentroko zuzendaria ere presente izanen da jaialdian, sinbolikoki bada ere, Gazako sarraskia hizpide hartzen duen 'Todos Pajaros' antzezlanaren bidez.
Euskal Herriko sortzaileen proposamenek ere tokia izanen dute jaialdian. Horien artean, Pájaros Pintados konpainiaren 'Olaiaren lorategia' lana edota Erein konpainiak Gasteizko sexu-langile talde batekin landutako 'Silencio' antzezlana. Lehen lanak, haurtzaroa eta hildako hurbileko pertsona baten gaineko dolua ditu ardatz, eta bigarrenak, sexu lanetan aritzen diren emakumeen sinesmenak, beldurrak eta desirak ditu oinarri.