Donostiako Aiete Kultur Etxean dagoen “Ilustratzailearen Txokoan” egin diote lekua Antton Olariaga marrazkilari usurbildarrari. Zakilixut-en egile bezala ezaguna denaren hainbat lan, zirriborro eta margo ikusi ahal izango dira. Horretaz gain, Joxerra Gartziak egindako elkarrizketa eskaintzen dute bideo modura.
Ilustratzailea, komikigilea, diseinatzailea eta kartelgilea da Olariaga, Udako Euskal Unibertsitatean Diseinu irakaslea ere izana. Gaur egun ‘Berria’ egunkariko azken orrialdean topatu daitekeen Zakilixut pertsonaiaren egile izateagatik da ezagun.
Galtzagorri elkarteak eta Donostia Kulturak 2012an elkarlanean osatutako proiektua da “Ilustratzailearen Txokoa”. Ilustratzaileen ibilbidearen eta egindako lanen berri ematea da erakusketaren helburua. Aurretik Iban Barrenetxea, Eider Eibar eta Elena Odriozolaren lanak egon dira ikusgai, eta orain Antton Olariagaren txanda da. Irailaren 17tik irekita dago erakusketa, eta abenduaren 15era arte egongo da zabalik.